Ekonomia -

Gatazka Panaman

'Elkarrizketaren bideari' helduko diote Panamako kanala egiteko

Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak azaldu duenez, lanen ardura duen partzuergoak kontratuan sinatutakoari jarraituz aurkeztuko ditu erreklamazio guztiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Panamako kanala handitzeko lanen inguruan dituen kexa guztiak sinatutako kontratuaren arabera bideratuko dituela esan du lan horiek egiteko ardura duen partzuergoak (Espainiako Sacyr enpresa da partzuergo horretako burua). Horrez gain, kanala handitzeko lanei buruz piztu den gatazka konpontzeko, elkarrizketaren bideari helduko diola gaineratu du aipatu partzuergoak.

Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak azaldu duenez, partzuergoak kontratuan sinatutakoari jarraituz aurkeztuko ditu erreklamazio guztiak eta, horrenbestez, "hor aurreneko hitzarmen bat badago". "Horrez gain, arazo guztiak konpontzeko helburuarekin, bilerak egingo dituzte", adierazi du Pastorrek Ricardo Martinelli Panamako presidentearekin bilera egin ondoren.

Hainbat bilera egin ditu Pastorrek Panaman. Hango presidentearekin hitzordua izan du, baita proiektuan parte hartu duten hainbat ordezkarirekin ere: Manuel Manrique Sacyrreko presidentearekin eta Panamako Kanaleko Agintaritzako ordezkariekin, besteak beste. Bileretan, Jesus Manuel Gracia Nazioarteko Lankidetzako Estatu idazkaria ere izan da.

Ubidea handitzeko proiektuari irtenbide bat bilatzeko asmoz egin ditu bilera horiek. Izan ere, Kanaleko Batasuna taldeak (GUPC), Sacyr Vallehermoso espainiarra eta Impregilo italiarra buru dituen partzuergoak, Panamako kanala zabaltzeko lanak bertan behera uzteko asmoa adierazi zuen iragan astean, sortu diren gainkostuak (1.600 milioi dolar) direla eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea