Ekonomia -

Biografia

PROFILA: Txema Gisasola, kudeaketa laburra, baina polemikoa

Fagor Etxetresnaketik egin zuen salto Mondragon taldeko Presidentziara. Urte eta erdi eman du karguan.

Txema Gisasola Fagor Etxetresnakeko presidente ohia. EiTB
Txema Gisasola Fagor Etxetresnakeko presidente ohia. EiTB
Txema Gisasola Fagor Etxetresnakeko presidente ohia. EiTB

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fagor Etxetresnak kooperatibaren krisiak Txema Gisasola (Zumarraga, Gipuzkoa, 1962) Mondragon Korporazioko presidentea ere irentsi du.

Gisasola Fagor Etxetresnaketik iritsi zen Mondragon taldeko Presidentziara, hain justu, eta, horregatik, polemikaren eta langileen haserrearen erdigunean izan da azken hilabeteetan, Fagorreko krisia horren agintaldian hasi zelako alde batetik, eta orain taldeko zuzendaritzak kooperatiba erreskatatzeari uko egin diolako, bestetik.

Gisasolak, baina, defendatu egin du bere lana, eta Mondragon taldeko eredua ez dela "presidentzialista" gogorarazi du.

Bere agintaldia oso laburra izan da, 2012. urteko uztailean hasi baitzen, Jose Maria Aldecoa erretiratu zenean.

Hala ere, urte eta erdi horretan Mondragon taldearen historiako krisi sakonena kudeatu behar izan du. Izan ere, Fagor Etxetresnak, korporazioaren 'harribitxia', hartzekodunen konkurtsoan sartu da, eta taldearen beste ikurretako bat, Eroski, kinka larrian dago.

Fagor Etxetresnak likidatzeko prozesuan, gainera, ika-mika ugari izan ditu euskal erakundeekin.

Mondragon taldearen historiako presidente gazteena izan da.

Ibilbide osoa Mondragonen

Txema Gisasolak Mondragon taldean egin du ibilbide profesional guztia. 1987. urtean sartu zen kooperatiban, Fagor Etxetresnakeko antolakuntza teknikari gisa.

Harrezkero, hainbat kargu izan ditu korporazioan, hala nola Fagor eta Danona kooperatibetako Giza Baliabideetako zuzendari eta Mondragon taldeko Gizarte Kudeaketako zuzendari.

2006. urtean, Mondragon Korporazioko presidenteorde eta Fagor Etxetresnakeko zuzendari nagusi izendatu zuten.

Fagorreko buru gisa, nazioarteratzearen alde egin zuen, Brandt frantziarra eta Mastercook poloniarra erosita.

2012. urteko uztailean, Mondragon taldeko presidente hautatu zuten, aho batez. Izendapena belaunaldi gazteagoen aldeko apustua izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Fagor albisteak Mondragon korporazioa bideoak Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa