Ekonomia -
Ministerioari erantzuna
'Ez da logikoa Bilboko aireportuko ordutegia murriztea'
Merkataritza Ganberak eta Bilboko Udalak eragile publikoen eta pribatuen arteko elkarlanaren alde egin dute aireportuaren "erabilera gehiago garatzeko".
Erredakzioa
Bilboko Merkataritza Ganberaren arabera, Bilboko aireportuko ordutegia murriztea "kezkagarria da" eta "ez dauka inolako logikarik", "ondorio txarrak" ekarriko dituelako egun errentagarria den egituran.
Ondorio horiek Bizkaiko ekonomia osora eta inguruko lurraldeetara zabalduko direla ere azpimarratu du Ganberak komunikatu batean, nazioarteko loturen, enpresen proiekzioaren eta turismoaren garapenaren kalterako.
Ordutegiaren murrizketa Espainiako Sustapen Ministerioak eta AENAk egindako proposamena da.
Komunikatuaren arabera, aireportua goizago ixtearekin, aire konpainiek hegazkinak gauez Bilbon geratzeko aukera berriro aztertzen hasiko dira, eta horrek lehen eta azken orduetan izaten diren hegaldien kopurua "nabarmen" murriztea ekarriko du. Hegaldi horiek dira, hain zuzen, lan eta negozio gaietarako gehien erabiltzen direnak.
Udalak garapen handiagoa eskatu du
Bilboko Udaleko Udalbatzak, berriz, eragile publikoak eta pribatuak elkarlanean aritzea esjatu du, aireportuaren "erabilera gehiago garatzeko".
Iñaki Azkuna alkatearen kabineteak egindako adierazpenaren arabera, Udalarentzat ezinbestekoa da erakundeek eta operadore pribatuek bat egitea "Bilboko aireportuaren etorkizuna sendotzeko eta bermatzeko".