Ekonomia -
EAE-ko 'opor fiskalak'
Aldundiek gaur ezagutuko dute 'opor fiskalen' isuna
Europar Batasuneko abokatuak bere proposamena aurkeztuko du. Ez da loteslea izango, baina auzitegiak ia beti onartzen eta betearazten du.
Erredakzioa
Eleanor Sharpston Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak EAEko 'opor fiskalen' auziko isun proposamena aurkeztuko du gaur.
'Opor fiskalak' 90eko hamarkadan Euskadin enpresa berriek jasotako diru-laguntzak izan ziren. Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo zituen, eta diru guztia berreskuratzea agindu zuen.
EBko abokatuaren proposamena ez da loteslea, baina auzitegiak ia beti onartzen eta betearazten du.
Isuna Espainiako Erreinuari ezarriko diote, baina segur aski ondoren foru aldundiei kobratuko die.
'Opor fiskalen' auziko azken saioa irailean egin zuten, Europar Batasuneko Justizia Auzitegian. Horretan, Espainiako Erresumak, aldundien izenean, legez kanpoko diru-laguntzak berreskuratu egin dituztela aldarrikatu zuen.
Europako Batzordeak aitortu egin zuen diru guztia itzuli egin dutela, eta, horregatik, hasiera batean eskatutako bi isunetako batean atzera egin zuen. Dena dela, isun eskaera handienari (64 milioi eurokoa inguru izan liteke) eutsi egin zion, "disuasio-neurri" gisa. Izan ere, diru-laguntzak lehen aldiz legez kanpokotzat jo zituztenetik 12 urte pasatu direla argudiatu zuen.
Gaur, EBko abokatuaren proposamena hainbat bidetatik joan liteke: 64 milioi euroko eskaerari oniritzia eman liezaioke, zenbateko handiagoa edo txikiagoa eska lezake edo isunik ez ezartzearen alde egin lezake. Azken aukera horrek, baina, ahulena dirudi.
Sharpstonen proposamena ezagutu eta gero, hilabeteak pasatu daitezke Europar Batasuneko Auzitegiak behin betiko erabakia jakinarazi arte.