Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
De Andresek koordinazioa eskatu die erakundeei, isunari erantzuteko
Hala ere, Arabako ahaldun nagusiak "lasaitasunez" jokatzeko deia egin du, Europar Batasunak "opor fiskalak" direla eta jarriko duen isunaren zenbatekoa jakin arte.
Erredakzioa
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak koordinazioa eskatu die EAEko eta Espainiako erakundeei, Europar Batasunak "opor fiskalak" direla eta jar dezakeen isunari erantzuteko.
Hala ere, De Andresek "lasaitasun pixka bat" izateko eskaria egin du Radio Euskadin egindako elkarrizketan; izan ere, oraindik ez dago Europar Batasunaren behin betiko ebazpenik, eta ezin da kalkulatu isuna zenbatekoa izango den eta erakunde bakoitzak zenbat diru jarri beharko duen.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak 50 milioi euroko isuna proposatu zuen aurreko astean, EAEko enpresei 90eko hamarkadan eman zizkieten laguntzak (legez kanpokotzat jo zituzten gero) epez kanpo itzuli zituztelako.
Arabako ahaldun nagusiaren arabera, "ez da zuzena errua ondokoari leporatzea" erakunde bakoitzak duen ardura saihesteko. Hori dela eta, Europar Batasunaren erabakia "errealismoarekin onartzeko" deia egin du.