Ekonomia -
Apiriletik aurrera
Nola eragingo digu argindarraren faktura berriak?
Espainiako Gobernuak “ordainketa finko bat” ezarri du argindarra elektrizitatea kontratatzeagatik, nahiz hilabete osoan ez erabili.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Argindarra ordaintzeko sistema berria apirilean indarrean sartuko da eta elektrizitate gehien kontsumitzen dutenentzat onuragarria izango bada ere, hutsik dauden etxeek eta oporretarako etxebizitzek diru gehiago ordainduko dute, nahiz eta argia ez piztu.
Pedro Garcia Larragan Radio Euskadiko Ekonomia adituak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak “ordainketa finko bat” ezarri du argindarra elektrizitatea kontratatzeagatik, nahiz hilabete osoan ez erabili. Fakturaren tarte hori % 20 igoko da apiriletik aurrera, eta kontsumoaren araberako zatia, berriz, % 7 jaitsiko dute.
Horrenbestez, bigarren etxeetan, hutsik daudenetan eta oporretako etxebizitzetan gehiago ordaindu beharko da argindarraren truke, nahiz eta hilabete osoan argia ez piztu. “Kasu horietan, jaitsierak ez du igoera orekatuko”, Garcia Larraganek adierazi duenez.
Bestalde, elektrizitate gehien kontsumitzen duten etxeetan %7ko jaitsiera hura nabarituko dute. “Ustez, familia arruntek kontsumoaren jaitsiera horri etekina aterako diote”.
Euskadiko erabiltzaileek “10 kw/h baino gutxiagoko” argindarra dute kontratatuta euren etxeetan. Izan ere, EAEko batezbestekoa 4,4 kw/h-koa da.
Apiriletik aurrera, gure fakturetan aurreztu nahi badugu, posible da gure enpresa elektrikoari potentzia gutxitzea eskatzea. Horrez gain, labadora gauean jartzeak (0:00-8:00) eta kontsumo ohiturak aldatzeak onurak ekar ditzake gure fakturan.
Pedro Garcia Larraganek gogoratu duenez, 2007tik hona, argindarraren prezioa % 75 igo da eta, etorkizunean ere “asko-asko igoko” dela nabarmendu du.