Ekonomia -
Hiruren arteko akordioa
Euskal Ogasunek datuak elkarri emateko sistema bat adostu dute
Akordioa oraingoz EAEko Ogasunetara mugatzen den arren, laster Nafarroako eta Estatuko Ogasunetara zabaltzea espero dute hiru foru diputatuek.
Erredakzioa
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru Ogasunek zergei buruzko informazioa elkarri "modu egonkorrean" emateko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, martxoaren 17an, eta aurki Estatuko eta Nafarroako Ogasunetara hedatu nahi dute.
Bizkaiko Ogasunetik jakinarazi dutenez, akordioa ez da "inflexio puntua" izango zerga iruzurraren kontrako borrokan, baina zerga ihesari aurre egiten lagunduko duela espero dute.
Datuak "denbora errealean" trukatzeko aukera jasotzen duen lankidetza akordio hau Arabako Foru Ogasunaren egoitzan, Gasteizen, sinatu dute Ogasuneko hiru diputatuek; hau da, Aitor Uribesalgok (Araba, PPkoa), Jose Maria Iruarrizagak (Bizkaia, EAJkoa) eta Helena Francok (Gipuzkoa, Bildukoa).
Bertan nabarmendu dutenez, hitzarmenak zergen inguruan aurretik ere bazegoen informazio trukea "formalizatu" egiten du, eta gainera, zergadunen datu fiskalak lurraldeen artean partekatzeko alde batzuk "sakondu" egiten ditu.
Iruarrizagaren esanetan, ituna ez da ulertu behar zerga iruzurraren aurkako borrokaren "inflexio puntua" bezala, arlo horretan aurretik ere eraginkortasunez lan egiten dela ziurtatu baitute Ogasuneko hiru diputatuek. Hala ere, akordioak zerga ihesari aurre egiteko borrokan eraginkortasuna "hobetuko" duela nabarmendu dute.
Akordioa oraingoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasunetara mugatzen den arren, aurki Nafarroako eta Estatuko Ogasunetara zabaltzea espero dute hiru foru diputatuek.