Ekonomia -
Akzioek behera egin dute
Candy Crushek urteko estreinaldirik txarrena izan du Wall Streeten
Akzioen hasierako balioa 22,5 dolarrekoa bazen ere, eguna 19 dolarretan amaitu zuten. Ondorioz, King Digital Entertainment enpresaren balioa 6.000 milioi dolarrekoa da, Reutersen arabera.
Erredakzioa
'Candy Crush Saga' joko ezagunaren sortzaileek (King Digital Entertainment) estreinaldi txarra izan dute New Yorkeko burtsan, enpresaren akzioek % 15,56 behera egin baitute lehenengo egunean. Urteko estreinaldirik txarrena izan da Wall Streeten.
Akzioen hasierako balioa 22,5 dolarrekoa bazen ere, eguna 19 dolarretan amaitu zuten. Ondorioz, King Digital Entertainment enpresaren balioa 6.000 milioi dolarrekoa da, Reutersen arabera.
Bere garaian, 'FarmVille' jokoaren sortzaileek estreinaldi txarra izan zuten Wall Streeten: aurreneko egunean % 5 jaitsi ziren Zynga enpresaren akzioak.
King Digital Entertainment sozietateak guztira 22,2 milioi akzio jarri ditu salgai, eta baliteke etorkizunean beste 3.3 milioi akzio gehiago ere salgai jartzea. 500 milioi dolarreko (362 milioi euro) etekinak lortuko ditu horrela. King Digital Entertainmentek kopuru horren % 70 eskuratuko du, 350 milioi dolar (253 milioi euro) gutxi gorabehera, eta gainerakoa akzionistek jasoko dute.
Akzioak saltzeko eskaintza publikoan, berriz, 6,6 milioi balore jaulkiko dituzte.
"Irabazitako dirua sozietatearen helburuak betetzera bideratuko dugu", adierazi du enpresak Ameriketako Estatu Batuetako Balioen Merkatuen Batzordearen liburuxkan.
Burtsarako saltoa enpresak 2013ko ekitaldian lortutako etekinen ondorioz heldu da. 567 milioi dolar irabazi zituen; aurreko ekitaldian, berriz, irabaziak ez ziren 8 milioira iritsi.