Ekonomia -
Madrilgo Kongresuan
Kontzertu Ekonomikoaren eguneratzea defendatu du Montorok
Kontzertu Ekonomikoaren erreformaren bitartez, Euskadik zazpi zerga berri kudeatuko ditu eta horrek 70 milioi euroko diru-sarrera suposatuko du euskal erakundeentzat.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak eta EAEko erakundeek adostutako Kontzertu Ekonomikoaren eguneratzea defendatu du gaur Cristobal Montoro Ogasun ministroak. Horren harian, Euskadik “pribilegioak” izatea ukatu egin du Espainiako agintariak.
Kontzertu Ekonomikoa eguneratzeko lege egitasmoa defendatu du ministroak gaur Kongresuan. Horren bitartez, Euskadik zazpi zerga berri kudeatuko ditu eta horrek 70 milioi euroko diru-sarrera suposatuko du euskal erakundeentzat.
Ekimen horrek Kongresuko talde gehienen babesa jaso du: PP, PSOE, CiU, Izquierda Plural, EAJ, Amaiur eta UPN. UpyDk, berriz, akordioa kritikatu egin du.
Kontzertua berritzeko Euskadi eta Espainiaren arteko hitzarmena “oso garrantzitsua” dela azpimarratu du ministroak. Gobernuaren eta erkidegoen artean “izan behar den” elkarulertzearen “adibidea” dela gaineratu du.
Horrez gain, ukatu egin du Gobernuak Euskadiri “pribilegioak” ematea eta baldintza historiko zehatz batzuk dituen erkidego bati dagokion hitzarmena dela esan du.
Izan ere, akordioa “normaltasunaren barruan” kokatu du ministroak, “tentsioetatik oso urrun eta egonkortasunaren ondorioz datorrena”.
Aurrerantzean, honako zerga hauen kudeaketa egongo dira EAEren esku: loteriak, kreditu erakundeen gordailuak, energia elektrikoaren ekoizpena, energia nuklearraren ekoizpen eta biltegiratzea, hidrokarburoak, gas fluoratuak eta jokoarekin lotutako jarduerak.