Ekonomia -
Lan istripua
Zestoako galdategian zauritutako bi langile, oso larri
Bi langileak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte. Bien bitartean, beste lankide bat larri Donostiako ospitalean artatu dute. Dagoeneko 10 langilek medikuen alta jaso dute.
Erredakzioa
Zestoako (Gipuzkoa) Azkola galdategian zauritutako bi langile oso larri daude Gurutzetako ospitalean. Bien bitartean, beste lankide bat larri Donostiako ospitalean artatu dute. Guztiek erredurak dituzte.
Osakidetzak agiri batean azaldu duenez, beste hamar langilek kea arnastu dute eta Gipuzkoako osasun zentroetan artatu dituzte, baina medikuen alta jaso dute jadanik. Langile bat Mendaroko ospitalean artatu behar izan dute, baina arin zauritu da. Medikuek etxera bidali dute dagoeneko.
Horrela, 56 urteko F.A.G. langilea Gurutzetako ospitalean dago, Erredura Handien Unitatean. "Aurpegian eta buruan (% 6) bigarren mailako erredurak ditu", Osakidetzak jakitera eman duenez.
43 urteko E.A.B. langileak "aurpegian, buruan eta hanketan (% 12) bigarren mailako erredurak" ditu eta Erredura Handien Unitatean sartzeko zain dago.
53 urteko A.B.A. pazientea Donostiako ospitalera eraman dute eta erredurak hanketan eta eskuetan ditu.
Sutea 09:10ean gertatu da Azkola Galdategian, Zestoako Arroa Bekoa auzoan. Lantegia hustu behar izan dute.
Ertzaintza, Osakidetzako helikoptero bat eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak bertaratu dira. Suhiltzaileek sua itzali dute eta helikopteroak zauritutako langile bat eraman du.
Ikerketa
ELA eta LAB sindikatu abertzaleek lan istripua argitzeko ikerketa bat martxan jartzea eskatu dute. "Zuzendaritzaren okultismoa eta informazio eskasa", salatu du LABek agiri batean. ELAren hitzetan, lanpara batek sutea piztu du. Antza denez, lanpara likido sukoia gordetzen zuen tanga batean erori da eta horrek eztanda eragin du.
Osalaneko teknikariak gertatutakoa ikertzen ari dira, baina arratsaldeko lehen orduan ez dute txostenaren aurrerapenik argitaratu, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen iturriek azaldu dutenez.
ELAren ahotan, "krisi testuinguruan, enpresek ez dute prebentzio neurrietan inbertsiorik egiten eta horrek langileen osasunean eragiten du zuzenean".
Bestalde, "enpresa horretako prekarietatea eta baldintza txarrak ezagunak dira", LABek salatu duenez.