Ekonomia -
Txostena
Euskal enpresen tamaina handitzea ezinbestekoa da, Confebasken ustez
Krisi garaian hori ikusi omen da, kalte handienak enpresa txikiek jasaten dutelako.
Euskal enpresen tamaina handitzea ezinbestekoa da, Confebasken ustez. Krisi garaian hori ikusi omen da, kalte handienak enpresa txikiek jasaten dutelako.
Confebasken ustez, lehengo ohiturak aldatu behar dira, euskal ekonomiaren hastapenetan zegoen familia-enpresen ereduak jada ez du balio mundu globalizatuan lehiatzeko. Hori da hain zuzen ere, Confebasketik helarazi nahi izan duten mezua.
Euskal enpresa sarea erabat atomizatuta dago eta konpainien %98,9k 50 langile baino gutxiago dute.
Miguel Lujua presidenteak esan du krisialdi ekonomikoak oso irakurketa gardena utzi duela: enpresa txiki gehiago desagertu dira handi baino, eta enplegu gehiago galdu da txikiotan. Esaterako, enpresa oso txikietan, hamar langile baino gutxiagokoetan, enplegu galera %8,9koa izan da eta txikietan, 10tik 49 langilera artekoetan %11,8koa. Handietan, aldiz, langile-galera %2,5 izan da.
Lujuak esan duenez, enpresa handiek gehiago produzitzen dute, lan gehiago sortzen dute eta diru gehiago uzten diote Ogasunari. Confebasek egindako ikerketa, Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasun-planaren barruan dago kokatuta.