Ekonomia -

Bilbao Exhibition Centre

BECek 150 milioi euroko mailegua birfinantzatzeko akordioa sinatuko du

Akordioa sei bankurekin sinatuko du datozen egunetan. Mailegua ordaintzeko epea ekainaren 14an amaitzen zen eta azpiegitura eraikitzeko inbertsioa finantzatzeko eskatu zen.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centrek (BEC) 150 milioi euroko mailegu sindikatua birfinantzatzeko akordioa sinatuko du datozen egunetan sei banku erakunderekin.

2016. eta 2017. urteetan ordainduko den mailegu sindikatuaren bidez egingo da finantziazioa. Mailegua ordaintzeko epea ekainaren 14an amaitzen zen eta azpiegitura eraikitzeko inbertsioa finantzatzeko eskatu zen.

Gernikan egin den Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran egin du iragarpena Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuak. Eragiketa Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarren artean bermatu dute, erdi bana, Ekonomia Sustatzeko Saileko arduradunak azaldu duenez.

"Berri oso ona"

Batzar Nagusien osoko bilkuran, Pradalesek esan du "berri oso ona" dela, eta talka planean ezarritakoa lantzen eta betetzen jarraituko dutela gaineratu du.

Pradalesek gogorarazi du "beste urrats bat" dela BECen Lehiakortasun eta Iraunkortasun Planean ezarritakoaren barruan. "Garaiz eta forma egokian" bete den beste neurri bat dela esan du, eta BECen etorkizuna "lasai hartzeko aukera" ematen duela, finantziaziorako aurreikuspena "egonkorra eta argia" baita.

Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak adierazi du Lehiakortasun eta Iraunkortasun Planean jasotako neurriei esker, 2014an BECek "nabarmen" hobetuko duela bere EBITDA negatiboa.

Bere esanetan, % 30 inguru hobetuko du, 2012rekin alderatuta, eta % 65, 2013. urtearekin alderatuta. Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak adostutako plan honetan aurreikusitakoaren arabera, BECek 2016an lortuko du oreka operatiboa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak