Ekonomia -
Langabeziaren aurkako borroka
5.000 gazterentzako enplegu plana martxan jarri du Nafarroak
Lanik egiten eta ikasten ez duten 25 urtez beherako gazteentzako 11,2 milioi euroko enplegu plana prestatu du Nafarroako Gobernuak.
Erredakzioa
Lanik egiten eta ikasten ez duten 25 urtez beherako 5.000 gazte baino gehiagorentzako 11,2 milioi euroko enplegu plana prestatu du Nafarroako Gobernuak.
2014-2020 eperako egitasmoa da, baina 2014an eta 2015ean "esfortzu handiena" egingo dutela azaldu du Lourdes Goicoechea Enplegu kontseilariak. Bi urte horietan 7,7 milioi bideratuko dituztela adierazi du Goicoecheak. Planak Europar Batasunaren finantziazioa du.
Apirilean 25 urtez beherako 5.175 gaztek lanik egiten eta ikasten ez zutela esan du kontseilariak. Horietatik % 64,5ek ez dute DBH amaitu, % 32,4k bai eta % 15,2k goi mailako hezkuntza dute.
Gazteen % 69,2k langabezian sei hilabete eman dituzte (izena emanda) eta % 68k eskarmentua dute lan-merkatuan.
Hiru ardatz
Guztiei irtenbide bat emateko hiru ardatzeko egitasmoa prestatu dute: prestakuntza profesionalaren hobekuntza, lanbide-orientazioa eta kontratazioaren sustapena.
Lanbide-prestakuntza hobetzea "lehentasuna" dela erantsi du Goicoecheak, kolektiboak "gabeziak" dituelako. Horrela, oinarrizko lanbide-prestakuntzarako ikastaroak antolatuko dituzte, eta baita 15-17 urteko gazteentzako mintegi profesionalak ere.