Ekonomia -
Iruzurra eta ustelkeria
ANk zenbait aurrezki kutxaren zuzendari ohiak epaituko ditu lehenengoz
Caixa Penedesen zuzendari ohien kontrako epaiketari ekingo dio gaur, eta datozen asteetan CAMeko eta Novacaixagaliciako arduradunak eseriko dira akusatuen aulkian.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak zenbait aurrezki kutxaren zuzendaritzako kideak epaituko ditu, eta gaur epaiketa sorta horretako lehenengoari ekingo diote. Zehazki, Ricard Pages Font Caixa Penedeseko zuzendari ohia eta Manuel Troyano Molina, Santiago Jose Abella Rodriguez eta Juan Caellas Fernandez kutxa horretako zuzendaritzako kide ohiak epaituko ditu gaur, pentsio planen dirua bereganatzea egotzita.
Ustelekeriaren kontrako Fiskaltzak hiru urte eta erdiko kartzelaldia eskatu du Pages Fontentzat eta hirukoa Troyano, Abella eta Caellasentzat. Emilio Sanchez Ulled fiskalaren arabera, laurek, Jaume Jorba Giza Baliabideen zuzendari ohiarekin batera (hilda dago), 31,6 milioi euro bereganatu zituzten, pentsio planen eta polizen bidez; hortaz, ustez delitu sozietarioa egin izana egotzita epaituko dituzte.
Fiskalak esan duenez, 2001etik "kutxaren bidez iruzurra egitea adostu zuten, irabaziak izateko eta entitatearen kaltetan, organo elkargokideen bizkarretik jardunda".
Pentsio plana eta lau polizak batuta, Pagesek 11.609.708 euro bereganatu zituen, Abellak 5.727.774, Troyanok 6.164.999, Jorbak 3.311.758 eta Caellasek 4.838.675; guztira, 31.652.917 euro.
CAM eta Novacaixagalicia
Halaber, Auzitegi Nazionalak beste bi zuzendari ohi ere epaituko ditu datozen hilabeteetan, instrukzio epaileek Caja de Ahorros del Mediterraneoko (CAM) eta Novacaixagalicia aurrezki kutxetako goi-kargudunen kontrako ahozko epaiketa abiarazi eta gero.