Ekonomia -

Auzi ekonomikoa

Egunkariako auzipetuek helegitea ez jartzea eskatu diote fiskalari

Donostiako Lurralde Auzitegiak artxibatu egin du Egunkariaren auzi ekonomikoa.

Uria: ''Euskal herritarrok hasieratik zenekiten ez zegoela deliturik''

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Euskaldunon Egunkariako auzi ekonomikoa artxibatu eta gero, helegiterik ez aurkeztea eskatu diote auzipetuek Fiskaltzari. Horren haritik, "inork" ez lukeela hori "ulertuko" eta kazetaren aurkako akusazioak "sostengaezinak" direla esan dute.

Hainbat auzipetuk ekitaldia egin dute ostiral honetan Egunkaria ohiaren egoitzan (egun Berriaren egoitza da), eta bertan hainbat pertsona elkartu dira, hala nola Jose Miguel Ayerza Adegiko idazkari nagusia, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Eneko Goia EAJk Donostian duen bozeramailea.

Iñaki Uria Egunkariako kontseilari delegatu ohiak adierazpen bat irakurri du, auzipetuen izenean, eta azken 11 urteetan "akusazio larri asko" izan dituztela deitoratu du.

Gainera, 2010. urtean Auzitegi Nazionalak auzi ekonomikoa Donostiako Lurralde Auzitegira bideratu zuela, eta, bertan, Fiskaltzak BEZaren ordainketean iruzur egitea egoztea errefusatu zuela gogorarazi du. Izan ere, "Gipuzkoako Ogasunak deliturik ez zela izan azaldu zuen".

"Absoluzioa nahi genuen, eta preskripzioa heldu da; ontzat joko dugu", adierazi du. Dena dela, Egunkaria itxita dagoela eta langileek "osasuna, askatasuna eta lana" galdu dutela gogorarazi du.

Uriaren hitzetan, "bidegabekeria bukatu egin da", eta orain gizarteak "ez luke ulertuko Fiskaltzak helegitea aurkeztea". Asteazkenerako epea du Ministerio Publikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara eguna gaur