Ekonomia -
Eusko Irratia
Uriarte: 'Lan deialdiak jasangarritasuna bermatzea du helburu'
Deialdia "antolakuntza beharren eta aurrekontuetako aukeren arabera" egin dutela esan du Kultura sailburuak.
Erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren esanetan, EiTB taldeko irrati kateetan deitutako lan eskaintza publikoaren helburua "baliabide publikoen kudeaketa eragingarria" bermatzea da, "jasangarritasuna indartzeko".
Atzo, Radio Euskadiko langileek 24 orduko greba egin zuten, lan deialdi publikoak "lanpostuak suntsituko" dituela eta "ezkutuko erregulazio espedientea" dela salatzeko.
Halaber, Euskadi Irratiko eta Radio Vitoriako langileek bi orduko lanuztea egin zuten, Radio Euskadikoen mobilizazioak babesteko.
Gaur, Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan, Uriartek lan deialdia hartu du hizpide, Mikel Unzalu legebiltzarkide sozialistaren galdera bati erantzunda.
Horren haritik, deialdiaren helburua "kontratu mugagabe ez finkoa duten 49 langileren egoera erregularizatzea" dela azaldu du Uriartek.
Sailburuak nabarmendu egin du EiTBren zuzendaritzak "sindikatuekin hiru puntuetako bitan" akordioa lortu izana, baina eskainitako plaza kopuruan adostasunik ez dagoela aitortu du.
Dena dela, deialdia "antolakuntza beharren eta aurrekontuetako aukeren arabera" egin dutela gaineratu du.
Uriarteren hitzetan, deialdiaren irizpideak PSE-EEren Eusko Jaurlaritzak deitutakoaren "berdinak" dira, eta horretan ere sindikatuek ez zioten oniritzia eman plaza kopuruari.
PSE-EEren salaketa
Bestalde, Mikel Unzaluk deialdia "alde sozialarekin akordioa lortu gabe" egin izana deitoratu du, eta Radio Euskadin "79 langile kaleratuko" dituztela esan du. Gainera, helegite judizialek prozesua "kolokan" utziko dutela ohartarazi du.
Hori dela eta, PSE-EEko legebiltzarkideak "astakeri hau geldiarazteko" eta deialdiaren baldintzak aldatzeko eskatu du.