Ekonomia -
Zigor handia jaso dezake
Espedientea ireki diote Iberdrolari, prezioak manipulatzeagatik
Enpresak ohar bat atera du handizkakoen merkatuko argindarrarren prezioaren manipulazioa "erabat" ukatzeko.
Erredakzioa
Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak espedientea ireki dio Iberdrolari argindarraren handizkarien merkatuan "prezioa aldatzeko iruzurrezko manipulazioa" egiteagatik.
Lehia Batzordearen webgunean azaltzen denez, espedientea hasteko akordioa astelehenean hartu zuten eta enpresak zigor oso larria jaso dezake.
Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak, hala ere, ez du zehaztu ustezko manipulazioa noiz gertatu zen, eta ez du egoerari buruzko xehetasunik eman.
Batzordeak 18 hilabeteko gehienezko epea du orain gertatutakoa ikertu eta erabaki bat hartzeko. Araudiaren arabera, arau-hauste oso larriek 6 eta 60 milioi euro arteko isuna jaso dezakete.
Bestalde, abenduan Gobernuak argindarraren prezioa erabakitzeko enkantea baliorik gabe utzi zuen eta alorreko enpresei prezioak manipulatzea egotzi zien. Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak txosten bat egin zuen eta merkatuan ezohiko egoerak eman zirela ondorioztatu zuen, baina ez zuen manipulaziorik antzeman.
Iberdrolak akusazioak "erabat" ukatu ditu
Iberdrola Generacion enpresak handizkakoen merkatuetako prezioak manipulatzea "erabat" ukatu du.
Bost puntuko prentsa ohar batean, bere "instalazioetan sortutako argindarraren prezioetan manipulaziorik egin izana" baztertu du.
Zerbitzu juridikoek beharrezko alegazioak aurkeztuko dituztela ere iragarri du, legeak emandako 15 eguneko epearen barruan.
Facuak "zigorrik handiena" eskatu du
Facua kontsumitzaileen elkarteak Iberdrolari "zigorrik handiena" jartzea espero duela adierazi du ohar batean, argindarraren prezioak manipulatu zituela frogatuz gero.
Facuak kontu-ikuskaritza bat egitea eskatu du "sektorearen liberalizazioa eman zenetik, argindarraren enpresa ekoizleek prezioak artifizialki puztu dituzten ala ez ikusteko".