Ekonomia -

Deustobarometroa

Egoera ekonomikoak ez du onera egingo 2015ean, herritar gehienen ustez

Euskadiko herritarren % 52k uste dute gizarte mailan behera egin dutela eta 10etik zazpik seme-alabak eurek baino okerrago biziko direla, Deustuko Unibertsitatearen udako barometroaren arabera.

Ikerketa: Euskal gizartea, lur jota eta itxaropenik gabe

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko herritarren % 52k uste dute gizarte mailan behera egin dutela eta 10etik zazpik seme-alabak eurek baino okerrago biziko direla, Deustuko Unibertsitateak egindako udako barometroaren arabera.

Hirutik batek gastuak murriztu behar izan ditu janaria erosteko eta galdetutakoen % 30ek ezin dute benetan behar dituzten jantziak eta oinetakoak erosi. Bikoiztu egin da, gainera, osasun gastuei aurre egin ezin dietenen kopurua.

Krisiak hondoa jo duela uste arren, suspertze ekonomiko argirik ez dute ikusten euskal herritarrek, eta gizarte gastuen murrizketarekin kezkatuta daude.

Lanik gabe daudenen % 70ek ez dute uste lana aurkituko dutenik laster, eta lana duten gazteen herenak datozen hilabeteetan galduko dutela uste dute.

Euskal gizarteak ez du errekuperaziorik ikusten. Hondoa jo dugula baina hondo hori sakona dela esan dute Deustuko Unibertsitateak egindako inkesta  horretan parte hartu dutenek. Gehienen ustez, murrizketa sasoi hau luze joango da.

Kezka handiena lana da, baina baita krisiari aurre egiteko hartu diren neurri politikoak ere. Irteera zaila izango da, krisiaren arrastoak denbora luzerako izango dira, eta erakundeetan konfiantza oso-oso txikia da, horien iritzian.

Bestalde, herri-erakundeen artean gainditzea lortzen duten bakarrak Unibertsitatea eta Ertzaintza dira, Deustobarometroaren arabera.

Konfiantza gutxien Monarkiak dauka: 1,5 puntu. Eusko Jaurlaritzari lau puntuko balorazioa eman diote euskal herritarrek.

Bakegintzaz ere kritiko agertu dira Mariano Rajoyren Gobernuarekin, galdetutakoen erdiak baino gehiago haren immobilismoaren aurka azaldu baitira. Autogobernu ereduaz galdeturik, euskal herritarren heren batek autonomia gehiago nahi du eta % 19 independentziaren aldeko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea