Ekonomia -
Erabakia
Konstituzionalak lan erreformaren zenbait neurriri babesa eman die
Enpresaburuen eta langileen arteko akordioarekin hitzarmen kolektiboa ez aplikatzeko aukera bermatu du Auzitegiak. Era berean, ekintzaileen kontratuko probaldiari babesa eman dio Konstituzionalak.
Erredakzioa
Gobernuak 2012an onartutako lan erreformaren zenbait neurriri babesa eman die gaur Auzitegi Konstituzionalak. Enpresaburuen eta langileen arteko akordioarekin hitzarmen kolektiboa ez aplikatzeko aukera bermatu du Auzitegiak. Era berean, ekintzaileen kontratuko probaldiari babesa eman dio Konstituzionalak.
Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Konstituzionalaren osoko bilkurak hartu du erabakia. Bederatzi magistratuk aldeko botoa eman dute, eta hiruk kontrakoa. Konstituzioaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuak lan erreformaren zenbait neurriren aurka.
Adela Asua Auzitegi presidenteordea, Fernando Valdes eta Luis Ignacio Ortega (hirurak progresistak) helegitearekin aurrera jarraitzearen alde agertu dira, iturri juridikoek baieztatu dutenez.
Nafarroako Parlamentua
Langileak eta enpresa akordio batera heltzen den kasuetan hitzarmen kolektiboak ez betetzeko aukera ematen dio lan erreformak Hitzarmen Kolektiboen Batzorde Nazionalari. Nafarroako Parlamentuak Konstituzioaren kontrakoa dela uste du.
Enpresa hitzarmeneko zenbait elementu hitzarmen sektorialen gainetik egon daitezkeela argudiatzen zuen Parlamentuaren helegiteak.
Lan erreformaren eztabaidari aurreneko aldiz heldu dio Konstituzionalak; izan ere, orain arte PSOEk eta Izquierda Pluralek aurkeztutako helegiteak onartu ditu, baina ez da eztabaidatzen hasi.