Ekonomia -
Ontziola
Helegitea, La Navalen kontratuak iraungitzeko espedientearen aurka
Enpresa batzordearen arabera, 52 langile kaltetzen dituen espedientea martxan jartzen bada, ontziolak "produkzio ahalmena galduko du".
Erredakzioa
La Naval ontziolako enpresa batzordeak arlo sozialeko epaitegian errekurrituko du zuzendaritzak aurkeztutako 52 langileren kontratuak iraungitzeko espedientea.
Ekainaren 20an, ontziolako zuzendaritzak enpresa batzordeari aurkeztu zion arrazoi ekonomiko eta produktiboengatik 52 langileren kontratuak iraungitzeko espedientea.
Pasatu den hilaren 15ean akordiorik gabe amaitutako kontsulta epearen ostean, enpresa batzordeak helegitea aurkeztea erabaki du.
Adierazpen batean sindikatuek azpimarratu dutenez, espedientea martxan jartzen bada, ontziolak "produkzio ahalmena galduko du", eta "enpresaren etorkizuna kolokan jarriko da".
Enpresa batzordearen ustez, ez dago arrazoi objektibotik iraungitze espedientea ezartzeko, TESO konpainiarentzat ontzi bat egiteko kontratua lortu ostean.
Gainera, haien ustez, La Navaleko langileek "konpainiaren jasangarritasunaren aldeko esfortzu handia" egin dute, bederatzi lan erregulazio txosten jarraian eta 2011ko uztaileko iraungitze espedientea pairatuta.
Batzordeak azpimarratu du langileek sekula ez dutela "enpresaren etorkizuna arriskuan jarri", eta konpainiako kudeatzaileek, "erakutsi duten gaitasunik ezarekin, ontziolaren etorkizunaz arduratu behar dute".
Kudeatzaileei "Sestaoko ontziola lehiakortasun baldintzetan jartzeko eta langile guztien etorkizuna bermatzeko " eskatu diete, "gainerako enpresekin egiten duten moduan".