Ekonomia -
Abeltzaintza
Aldanondo enpresak artzainei ordaindu ez diela salatu du EHNEk
Sektorearen zorra "milioi bat eurokoa" izan daitekeela azaldu du sindikatuak. Esne ardien sektoreak egoera "kritikoa" bizi duela salatu du EHNEk.p>
Erredakzioa
2011/12 eta 2012/13 ekitaldietan Aldanondo enpresari esnea saldu zioten artzainek bizi duten egoera salatu du EHNE sindikatuak. Aldanondok abeltzainei ordaindu ez diela adierazi du EHNEk. Bestalde, lehen sektoreko industriei ematen dien diru-laguntzak "kontrolatzeko" eskatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari.
Mikel Alzuart eta Jose Antonio Gorbea EHNEko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Donostian. Esne ardien sektoreak egoera "kritikoa" bizi duela salatu dute artzainek.
Sindikatuaren hitzetan, 2011/12 eta 2012/13 kanpainetan Aldanondori esnea entregatu zioten artzainek ordainetan ez dute ezer jaso. 2013/14 ekitaldian enpresari esnea ematen jarraitu dutenek ere "kobratu gabe jarraitzen dute", erantsi duenez.
Sektorearen zorra "milioi bat eurokoa" izan daitekeela azaldu du sindikatuak. 2004tik 2012ra arte 4.266.633,66 euroko diru-laguntza eman zion Eusko Jaurlaritzak Aldanondori, EHNEk gogorarazi duenez.