Ekonomia -
Botinen aldeko hileta
Emilio Botini azken agurra eman diote Santanderren
Asteazkenean 79 urterekin hil zen bankariaren aldeko hileta elizkizuna egin dute, eta bertan gizarteko hainbat alorretako jendea bildu da.
Erredakzioa
Emilio Botinen aldeko hileta elizkizuna ospatu dute larunbat honetan Santanderren, eta ekonomia, finantza, politika eta gizarteko hainbat alorretakoak elkartu dira bertan asteazkenean 79 urterekin hil zen bankariari azken agurra emateko.
Santanderreko katedrala leporaino bete da, eta ehunka pertsonak kanpotik jarraitu behar izan dute hileta elizkizuna.
Hileta elizkizuna arratsaldeko lau eta erdiak pasatxoan hasi da, Paloma O'Shea Emilio Botinen alarguna elizara heldu eta gutxira. Elizaren kanpoaldean zain zeuden herritarrek txaloz hartu dute Botinen alarguna.
Ana Patricia Botin, Botinen alaba zaharrena eta Santander bankuko presidente berria dena, 16:00ak baino minutu batzuk lehenago iritsi da hileta elizkizunaren tokira, ahizpak eta ilobak ondoan zituela.
Hainbat izen ezagun hileta elizkizunean
Hileta hasi baino ordubete lehenago, jende andana zegoen hileta egin den katedralaren atarian. Espainiako Gobernuaren izenean, Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroa bertaratu da.
Katedral barruan, De Guindosen alboan eseri dira Ignacio Diego Kantabriako presidentea eta bere emaztea, eta Iñigo de la Serna Santanderreko alkatea eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko presidentea, besteak beste. Kantabriako Gobernuko hainbat kontseilari ere bertan izan dira.
Horiez gainera, hiletan izan dira baita Rodrigo Rato Nazioarteko Diru Funtseko egungo zuzendaria eta Espainiako Ekonomia ministroa izandakoa, Isabel Tocino Espainiako ministro ohia eta Maria Teresa Fernandez de la Vega PSOErekin Espainiako Gobernuko presidenteordea izandakoa.
Espainiako enpresa handienek ere ordezkaritza bidali dute Santanderrera, hala nola, Telefonica, Inditex, Bankia, La Caixa, E.ON edota Accionak.