Ekonomia -
Telekomunikazioak
Orangek Jazztel erosiko du, 3.330 milioi euroren truke
Operazio honekin, konpainia frantziarra Telefonicarekin lehiatu ahal izango da telefono finkoen eta banda zabalaren sektoreetan.
Erredakzioa
Orange talde frantziarrak Jazztel erosiko du, 3.330 milioi euroren truke, konpainia espainiarrak Balore Merkatuko Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi dionez.
Hain zuzen ere, 13 euro emango ditu Orangek Jazztelen akzio bakoitzeko, eta eskudirutan ordainduko du.
Jazztelek CNMVri zehaztu dionez, Leopoldo Fernandez Pujals administrazio kontseiluko presidente eta konpainiaren akzioen % 14,48ren jabeak dagoeneko lortu du akordioa Orangerekin.
Orangek hilabeteak eman ditu operazio honetan lan egiten, eta, horrela, Telefonicari aurre egin ahal izango dio telefono finkoen sektorean. Gainera, banda zabalaren sektorean 1,4 milioi bezero gehiago izango ditu.
Konpainia frantziarraren zuzendariek Jazztelen akzioen salneurria kritikatu dute, baina, hala ere, ez diote uko egin operazioari.
Aurten, Jazztelen akzioak % 30 garestitu dira, eta, azken 12 hilabeteetan, % 53,6. Orangerenak, aldiz, % 1,93 jaitsi ziren atzo.