Ekonomia -
Protesta
Air France aire-konpainiako pilotuek bertan behera utzi dute greba
Konpainiak liskarrak izan ditu pilotuekin, 'low cost' airelinea bat sortzeko asmoa zuelako; hori dela eta, bi asteko greba egin dute beharginek, egunean 20 milioi euroko galera eraginda.
Erredakzioa
Air France aire-konpainiako pilotuek bertan behera utzi dute greba, bi astez aire-enpresa frantsesaren jarduera erabat eten eta gero, sindikatu bateko ordezkari batek Reutersi adierazi dionez.
Air Francek liskarrak izan ditu pilotuekin, 'low cost' airelinea bat sortzeko asmoa zuelako. Hortaz, beharginek bi asteko greba egin dute, eta egunean 20 milioi eurotik gorako galera eragin dizkiote enpresari.
"Baieztatu egin dezaket SNPL sindikatuak (aire-konpainiako sindikaturik nagusiena) greba egiteari utzi diola", esan dio Juien Doboz SPAF sindikatuko bozeramaileak aipatutako albiste agentziari.
Bestalde, Manuel Valls Frantziako lehen ministroak "konfiantza berreskuratzeko" eta enpresaren jarduerari ekiteko eskatu die aldeei. Frantziako Gobernua Air Franceren akzioduna da, eta ordezkaritza du Zuzendaritza Batzordean.
Asteartetik aurrera
Enpresako ordezkariek jakinarazi dutenez, hegaldiak asteartetik aurrera itzuliko dira normaltasunera, "pixkanaka"; hau da, gaur eta bihar bertan behera geratu diren hegaldiak ez dira egingo, nahiz eta greba bukatu den.
Ohar baten bidez, Air Francek erabakia justifikatu du, batetik, "araudiak" hori eskatzen duelako "operatiboak" izateko, eta, bestetik, hegazkinei zenbait azterketa egin behar dizkietelako, bidaiariak berriz ere garraiatu baino lehen.