Ekonomia -
Makina erreminta
Posible da Irani materiala saltzea? Zein baldintzatan?
Goratu enpresaren auzia hainbat herrialdetara esportazioak egiteko zailtasunen azken adibidea izan da.
David Perez | eitb.eus
Elgoibarko (Gipuzkoa) Goratu enpresaren auziak agerian utzi ditu berriro makina-erremintaren arloko enpresek hainbat herrialdetara esportazioak egin ahal izateko sortzen diren trabak eta zalantzak.
Guardia Zibilak operazio zalapartatsua egin zuen asteartean Goraturen egoitzan, eta hiru zuzendari inputatu zituen, Asiako hainbat herrialdetara (Iran, kasu) erabilera bikoitzeko materialak kontrol barik esportatzea egotzita.
Erabilera bikoitzeko materiala neutroa da, baina makina zibilak zein militarrak egiteko erabil daiteke; hau da, makina-garbitzaileak zein armak egiteko.
Hori dela eta, produktu horiek esportatzea buruhaustea izan daiteke enpresentzat.
"Araudia oso zorrotza da, eta zigorrak aurreikusten ditu", Amaia Ferro Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Internazionalizazio zuzendariak eitb.eus-i azaldu dionez. Horren esanetan, lehenik eta behin "esportatu nahi ditugun materialak erabilera bikoitzeko erregimenean araututa" dauden egiaztatu beharra dago.
Kudeaketa "Industria Ministerioaren edo Merkataritza Ganberen bitartez" egin beharra dago, baina Ministerioak du betiere azken hitza material baten esportazioak mugak dituen ezartzeko.
Antonio Masse Merkataritza Zuzenbidean aditu den abokatuaren arabera, erabilera bikoitzeko materialen zerrenda bat dago Europan, baina "oso korapilatsua da". Gainera, enpresek zalantza ugari izan ditzaketela aipatu du; izan ere, agintariek "esportazioa egin ostean" ezarri dezakete material bat erabilera bikoitzekoa dela eta baimen berezia behar duela.
Gaia are konplexuagoa da, gerta litekeelako enpresa batek herrialde bati material bat saltzea, eta herrialde horrek ondoren Iranera esportatzea. "Oso ohikoa da, batez ere Turkiarekin", zehaztu du Ferrok. Goraturen kasuan, baliteke halako zerbait gertatu izana, hainbat hedabidek gaur jakinarazi dutenez.
Hiru enpresaburu inputatuek "gauzak ondo" egin dituztela esan dute, baina langileek azalpenak eskatu dizkiete.
Inputatuek bost urte arteko espetxe zigorra jaso lezakete, auziak aurrera egingo balu. Dena dela, auzia ez dela hain urrun iritsiko uste du Ferrok: "Aurreko kasuetan akordioa lortu izan dute aldeek".
NBEk hainbat zigor ezarri dizkio Irani 2006. urtetik, programa nuklear bat abiatzeagatik. Horien baitan, herrialde horretara erabilera militarra izan dezaketen materialak esportatzea debekatu zuen.
Goratuk ez ezik, ONA Electroerosion, Fluval eta Lazaro Ituarte euskal enpresek ere arazoak izan dituzte hainbat herrialdetara esportazioak egiteko.