Ekonomia -
24 orduko greba
Manifestazio jendetsua, Bizkaibusen bigarren greba egunean
Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi du bihar sindikatuekin egitekoa zuen bilera, eta jazotako "ekintza bandalikoak" salatu ditu.
Erredakzioa
Bizkaibuseko ehunka langile kalera atera dira gaur bigarren greba egunean Bilbon egin duten manifestazioan. Lanpostuen defentsa aldarrikatu dute, eta ohartarazi dute greba mugagabea abiatuko dutela Aldundiak eta enpresek akordioa egin ezean.
Grebak Bizkaibuseko langile guztien babesa du, eta zerbitzuaren % 70ari eragiten dio, 80.000 bidaiariri gutxi gora-behera.
Jose Luis Garcia UGTko kideak ulermena eskatu die erabiltzaileei, eta azpimarratu du ez dela "langileen borroka soilik, baizik eta guztiona".
Juan Carlos Gonzalez CCOOkoak, berriz, "txapuza"tzat jo du Aldundiak gatazkan izandako jokabidea, eta ondorio bakarra "Bizkaiko Aldundiari herritarrak ez zaizkiola axola" omen da.
Gainera, Alberto Kurto LABen ordezkariak esan du "herritarrak engainatzen" ari direla, desagertu behar diren ibilbideen eta ordutegi berrien inguruko informaziorik ematen ez dutelako.
Azkenik, Fernando Rincon USOkoak "gauzak ez nahasteko" eskatu dio Aldundiari, "bai baitaki gatazkan pisu handiena duena dela".
"Ekintza bandalikoak"
Bizkaibuseko linea batzuetan gaur goizean gertatutako “ekintza bandalikoak” salatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, gertaera horien ondorioz, sindikatuekin ostiralean deitu behar zuen bilera bertan behera uztea erabaki du. Hala ere, bilera astelehenean egingo dute eta, egun horretan, greba-deialdiak bertan behera uztea eskatuko die Aldundiak sindikatuei.
Aldundiak jakitera eman duenez, Zaratamotik 07:05ean TCSA enpresatik atera behar zen autobus bati beira apurtu diote ezezagun batzuek, eta, horrenbestez, bidaiariak autobusetik atera behar izan dituzte. Ez du inork minik hartu.
Bestalde, Arrigorriagatik atera behar zen TCSA enpresako beste autobus bati ere beira apurtu diote, 06:00etan.
Enkarterrin ere zerbitzu minimoek zazpi minutuko atzeraldiak pilatu dituztela salatu du Foru Aldundiak.
Ostiralean sindikatuekin bilera egin behar zuela baina, gertatutakoa ikusita, batzarra bertan behera uztea erabaki duela adierazi du Foru Aldundiak.
Asteleheneko batzarrera akordiorako “jarrerarik onena” eramango duela ohartarazi dute Bizkaiko Foru Aldunditik.
ELAk gezurtatu egin du
ELA sindikatuak esan du ez dakiela Bizkaibuseko autobusen kontrako ekintza bandalikoak egin ote dituzten, baina izan badira, grebarekin "zerikusirik ez" dutela azpimarratu du.
Bestalde, datorren astelehenean Aldundiak deitutako bileran izango dela jakinarazi du, baina ez dituela mobilizazioan bertan behera utziko, Aldundiak eskatu arren.
"Erabateko" jarraipena
24 orduko bigarren greba-eguna egiten ari dira Bizkaibuseko langileak gaur. ELA sindikatuak aditzera eman duenez, babesa “erabatekoa” izan da, eta zerbitzu minimoak % 30ekoak izan dira gaurkoan ere.
Bizkaiko Foru Aldundiari “desagertuta” egotea egotzi dio ELAk, eta gatazka horren aldeetako bat bera dela esan dio.
Halaber, langileek zerbitzu minimoak bete dituztela azpimarratu du sindikatuak.