Ekonomia -
Aurrekontuen aurreproiektua
Nafarroak 3.417 milioi euroko Aurrekontu proposamena aurkeztu du
Ogasun eta Ekonomia kontseilariaren esanetan, oinarrizko gizarte zerbitzuak bermatzea eta ekonomia eta enplegua suspertzen laguntzea da helburua.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak 2015erako Aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu du gaur. Guztira 3.417,8 milioi euroko gastua aurreikusten du, 379,4 milioi euroko gastu finantzarioak kontuan hartu gabe.
Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak eman dituen datuen arabera, 2015eko Aurrekontuen helburua oinarrizko gizarte zerbitzuak bermatzea eta ekonomia eta enplegua suspertzen laguntzea da, kontu publikoen oreka bilatzea eta sektore publikoaren berrantolaketan pausoak ematea ahaztu gabe.
Gobernuaren aurreikuspenen arabera, 2015ean Nafarroako barne produktu gordina % 2 haziko da, eta enplegua, % 1. Goicoecheak esan duenez, Aurrekontu aurreproiektuaren % 27,3 Osasun Departamentuari dagokio, % 16,8 Hezkuntzari eta % 7,6 Gizarte Politikei.
Goicoechearen esanetan, Gobernuak "gastu sozialaren aldeko apustua egin du berriz ere", eta Osasun, Hezkuntza eta Gizarte Politikak sailetako aurrekontuak hazi direla azpimarratu du. % 4,5, % 1,39 eta % 0,82 hazi dira, hurrenez hurren.
"Aurrekontu errealista da, diruaren % 51,7 gastu sozialera bideratuko da eta beste zati bat ekonomia eta enplegua bultzatzeko", azaldu du.
Aurrekontuen aurreproiektua Ekonomia eta Gizarte Kontseilura bidaliko dute orain, eta, hark txostena egindakoan, Aurrekontuen aurreproiektu legea Nafarroako Parlamentura bidaliko dute bertan eztabaidatzeko.
Lourdes Goicoecheak onartu du oso zail ikusten duela 2015eko Aurrekontuak onartzea, Parlamentuak Gobernuak proposatutako zerga erreforma baztertu baitu orain gutxi.
Dena dela, azkenean Aurrekontuak luzatu beste aukerarik ez badute, "aldaketa txiki batzuk" egin ahal izango dituztela gaineratu du.