Ekonomia -
2015eko aurrekontuak
Kongresuak atzera bota ditu Aurrekontuen kontrako osoko zuzenketak
Montoro ministroaren arabera, EAJ eta CiU izan dira bere planteamendutik gertuen ikusi dituenak.
Erredakzioa
Kongresuak atzera bota ditu, PPren botoei esker, 2015erako Estatuko Aurrekontu orokorren kontra aurkeztu dituzten 12 osoko zuzenketak. Espainiako Gobernuaren arabera, Espainiak behar dituen aurrekontuak dira "bidea burura eramateko", hiru urtez "basamortuan" ibili ostean.
Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak eta oposizioak bi egunez eztabaidatu ostean, Kongresuak atzera bota ditu, 160 aldeko botorekin eta kontrako 184rekin, aurrekontuak itzultzeko osoko zuzenketak.
Kongresuko talde guztiek aurkeztu zituzten osoko zuzenketak, PPk eta UPNk izan ezik, aurrekontuak okerreko aurreikuspenetan eta gezurrezko susperraldi ekonomikoan oinarritzen zirela iritzita.
Horren aurrean, Montorok esan du datorren urtean Estatuak "hasitako bidea burura eramateko" eta hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorkuntza indartzeko beharrezko aurrekontuak direla, "hiru urtez basamortuan ibili ostean".
Montoro ministroaren arabera, EAJ eta CiU izan dira bere planteamendutik gertuen ikusi dituenak.
Gainera, osoko zuzenketak aurkeztu izana "jarrera politiko" gisa hartu du, PPk gehiengo osoa duelako eta alderdiek hori agerian utzi nahi dutelako.
Gainera, talde mistoaren barruan dauden alderdi gehienei "Espainiaren susperraldi ekonomikoa" ez zaiela "komeni" azpimarratu du.