Ekonomia -
Lan Gatazka
Greba mugagabea deitu dute General Cable enpresan
Datorren astelehenetik aurrera hasiko dute greba mugagabea. Enpresa batzordeko ordezkariak, gaur, Javier Marotorekin eta Javier de Andresekin bildu dira.
Erredakzioa
Gasteizko General Cable lantegiko enpresa batzordeak greba mugagabea deitzea adostu du, datorren astelehenetik aurrera. Larunbat honetarako, berriz, manifestazioa deitu dute Arabako hiriburuan.
Joan den astean enpresako zuzendaritzak lantegia itxiko zuela iragarri ostean, gaur, hainbat langile Javier Maroto Gasteizeko alkatearekin eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin bildu dira, babes bila. 143 langile lanik gabe geratuko dira, General Cablek ateak itxiz gero. Langileek uste dute enpresa bideragarria dela, eta, horregatik, kanpoko inbertitzaile bat bilatzeko laguntza eskatu diete Udalari eta Foru Aldundiari.
Marotok babesa agertu die langileei, eta enpresaren erabakiarekin ados ez dagoela esan du. Bestalde, De Andresek Eusko Jaurlaritzarekin lan egiteko borondatea agertu du, lanpostuak galtzea galarazteko, Javier Fernandez langileen ordezkariak azaldu duenez.
Bihar Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin dute hitzordua. Erakunde guztiek elkarrekin konponbide bat bilatzea eskatzen dute beharginek.