Krisi Ekonomikoa -
Kaleratzeak
Jaurlaritzak dio onartezina dela General Cableren eta Candyren itxiera
Bestalde, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia eta Javier Maroto Gasteizko alkatea langileekin bilduko dira astelehenean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzarentzat "onartezina" da General Cablek eta Candyk "nola" jakinarazi dien langileei enpresak itxiko dituztela, eta kaleratutako langileei "amaiera arte" laguntzeko prest agertu da.
Candy Hoover etxetresna enpresak atzo jakinarazi zuen Bergarako (Gipuzkoa) lantegia itxiko duela eta 173 langileetako 150 kaleratuko dituela. Atzo bertan, General Cable multinazionalak ezusteko neurria hartu zuen eta Gasteizko lantegia itxiko zuela jakinarazi zuen, 143 langile kaleratuko dituelarik.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak, Mexikon bisita ofiziala egiten ari denak, Twitterrez salatu du gertatutakoa, eta onartezintzat jo du "nola" eman duten itxieraren berri.
"Ezin dugu 'itxi eta banoa' formula onartu General Cable eta Candy multinazionalen kasuan. Beste bide batzuk bilatu behar dituzte", adierazi du sailburuak sare sozialetan. Gainera, General Cablek "Katalunian beste modu batera" egin duela eta Euskal Herrian zergatik ez duen berdin jokatu galdetu du.
Sailburuak jakinarazi du azken orduotan enpresekin hartu-emanak izan dituztela, baina ez du horren inguruko xehetasunik eman.
De Andres eta Maroto, astelehenean
Javier de Andres Arabako ahaldun eta Javier Maroto Gasteizko alkatea langileekin bilduko dira astelehenean.