Ekonomia -

Datozen lau urteetan

Langabezia erdira murrizteko erreformak eskatu dituzte enpresa handiek

30.000 milioi euroko zerga-egokitzea egitea eskatu dute enpresaburu handiek, eta baita laneko iruzurraren aurkako borrokan plan eraginkorra ere. 2018an langabezia-tasa % 11koa izatea lortu nahi dute.

Jose Manuel Campa, Fernando Casado eta Cesar Alierta. Argazkia: EFE
Jose Manuel Campa, Fernando Casado eta Cesar Alierta. Argazkia: EFE
Jose Manuel Campa, Fernando Casado eta Cesar Alierta. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datozen lau urteetan 30.000 milioi euroko zerga-egokitzea, laneko iruzurraren aurkako borroka egitasmo eraginkor bat eta enpresa txiki zein ertainek ordaintzen dituzten zergak berriz aztertzea eskatu dute konpainia handiek. Horrela, 2018an langabezia-tasa % 10,4ra murriztea lortu nahi dute.

Cesar Alierta Telefonicako eta Lehiakortasunerako Enpresaburuen Kontseiluko (CEC) presidenteak gaur ziurtatu duenez, Gobernuak egiturazko erreformetan sakontzen baldin badu Espainia munduko 10 ekonomia garrantzitsuenen artean kokatu daiteke.

‘Espainia 2018’ CECen txostenaren aurkezpenean, “Espainiako ekonomiaren erabateko eraldaketa” eskatu du Aliertak, “produktibitatean, hezkuntzan eta lehiakortasunean oinarritzeko”.

2,3 milioi lanpostu

Datozen lau urteetan 2,3 milioi lanpostu sortzea posible dela uste dute enpresaburu handiek, baina horretarako hezkuntzan, I+G+Bn eta azpiegituretan erreformak areagotu behar direla uste dute. Era berean, Ogasun ikuskatzaileen kopurua areagotu, enpresek ordaintzen dituzten zergak eta gastu publikoa murriztu behar direla adierazi dute.

Hala ere, BPGren % 3ko (30.000 milioi bat euro) zerga-doitzea beharrezkoa dela uste dute. 2018an zor publikoa ia % 90ra murriztu behar dela erantsi dute.

Iruzurraren kontrako borroka

Iruzurraren aurkako borrokan neurri gehiago hartzea proposatu dute enpresaburuek. Horrela, urtero 20.000 milioi euro gehiago bilduko lituzkete erakundeek, enpresa handien hitzetan. Administrazio publikoetako langileen kopurua egokitu (5.000 milioi euro aurreztea) eta pribatizazioak eta ondare publikoa kudeatzeko egitasmo bat martxan jartzea beharrezkoa ikusten dute.

Bestalde, udalerrien tamaina handitzea beharrezkoa dela uste du CECek. Horretarako, herrien batasuna edo desagerpena planteatu dute enpresaburuek. Horrela, ia 6.000 milioi euro aurreztuko lirateke.

Laneko iruzurraren kontrako borrokarekin 800.000 lanpostu berri sortu eta diru-bilketa % 1 haziko liratekeela uste du CECek. Bien bitartean, 250 lanpostu baino gehiagoko enpresen kopurua bikoiztu eta konpainia ertainak % 60 haziko liratekeela azaldu dute enpresaburuek, 400.000 bat lanpostu berri sortuz.

I+Gn egin beharreko inbertsioa BPGren % 3 izan beharko litzatekeela esan dute. Gaur soilik % 1,3koa dela gogorarazi dute. Horrela, 130.000 lanpostu sortuko lituzketela gaineratu dute. Lan merkatuko malgutasuna areagotuz, 300.000 lanpostu baino gehiago berreskuratuko lirateke 2018an, enpresa handien ahotan.

Pentsioen eta hezkuntzaren erreformak bizkortzeko eskatu du CECek, 200.000 lanpostu gehiago sortzeko. Gainera, energia politiketako inbertsio egitasmo batek 100.000 lanpostu berri sortuko lituzkeela ziurtatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Langabezia Espainian 2024 Aurrekontuetako murrizketak Espainia Euskal enpresak azken ordukoa