Ekonomia -

2015eko aurrekontuak

Politika sozialetara 600 milioi gehiago bideratzea eskatu du EH Bilduk

Koalizioak aste honetan aurkeztuko dizkio Jaurlaritzari 2015eko Aurrekontuak babesteko jarriko dituen baldintzak.

EH Bilduren ordezkariak. Argazkia: Efe
EH Bilduren ordezkariak.
EH Bilduk aurrekontu proposamena aurkeztuko dio finantza sailburuari

0:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk 2015eko Aurrekontu Proiektuan politika sozialetara, enplegura, hezkuntzara eta kulturara bideratuta dagoen partidan 600 milioi euro gehiago sartzea eskatuko dio Jaurlaritzari. Jaurlaritzak neurri horiekin bat egiteko asmoa agertuz gero, finantziazioa adosteko prest agertu da koalizio abertzalea.

Unai Urruzuno EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak prentsaurreko batean iragarri duenez, koalizioa aste honetan bertan bilduko da Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuarekin aurrekontuez hitz egiteko. Dena den, ez du zehaztu noiz izango den bilera hori.

Urruzunok argi adierazi du EH Bilduk ahal duen guztia egingo duela Aurrekontu Proiektuak orain dagoen moduan aurrera egin ez dezan.

Hori horrela, koalizio abertzaleak azpimarratu du pisuzko aldaketak egiten saiatuko dela Aurrekontuetan, aurreko urteetan izandako murrizketak "egonkortzea" galarazteko.

EH Bilduk aurkeztu dituen aldaketek 575,5 milioi euroko pisua izango lukete Aurrekontuetan, baina ez omen da proposamen itxia, eta 450 milioi eta 600 milioiren artean gera daiteke.

Horrez gain, koalizio abertzaleak 11 milioi gehiago eskatu ditu larrialdi egoeran daudenei laguntzeko, 30 milioi familia eta lana uztartzeko laguntzetarako, eta 60 milioi gehiago Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarako.

Industria sektorean enplegu "duina" sortzeko edo babesteko, 200 milioi euroko funtsa sortzea eskatu du. Gainera, pentsiodunen erosteko ahalmena berreskuratzeko, beste 10 milioiko funtsa eskatu du.

Era berean, beste 200 milioi euro nahi dituzte bideratu langile publikoei emateko, azken urteotako murrizketen ondorioz galdutakoa berreskuratzeko. Horren harira, osasunean eta hezkuntzan lan eskaintza publikoak antolatzea eskatu dute, azken urteotako enplegu galerari aurre egite aldera.

Unibertsitatean ere inbertsioa 5,5 milioi haztea aldarrikatu dute.

Proposamen horiek guztiak finantzatzeko moduaz galdetuta, Urruzunok erantzun du "lehentasunak" jartzean dagoela gakoa. Adibide gisa, Jaurlaritzak Ertzaintzaren kaskoak eta kartutxoak erosteko 1,2 milioi euro eta fracking proiektuetarako 11 milioi euro bideratu dituela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu Bizkaia