Ekonomia -
Kutxabank
BBK eta Vital kutxek Espainiako Bankuari: 'Ez gara bat eginda aritzen'
Euskal kutxek Espainiako Bankuaren zirkularraren zirriborroaren alegazioak aurkeztu dituzte. Irizpide horren arabera, Kutxabanken duten parte-hartzea murriztu beharko lukete kutxek.
Erredakzioa
Espainiako Bankuak urrian kutxei bidalitako zirkularraren zirriborroari erantzun diote BBK kutxa bizkaitarrak eta Vital Kutxa arabarrak. Bankuak presioa egin zien kutxei, bankuen berregituraketaren ondorioz sortzen diren erakunde berrietan duten parte-hartzea murrizteko edo, hala egin ezean, balizko krisiei aurre egiteko erreserba funts bat sortzeko.
Horren aurrean alegazioak aurkeztu dituzte EAEko kutxek. BBK-k gaur igorri ditu bere argudioak, eta Vitalek atzo bidali zituen. Kutxa gipuzkoarrak ere gaur bidali ditu alegazioak, baina ez du zehaztu zer-nolako argudioak erabili dituen.
Vitalek eta BBK-k bi arrazoi nagusi eman dituzte zirkularraren aurrean. Horien esanetan, batetik, hiru kutxak ez dira modu adostuan bat eginda aritzen eta ez dago kontzentraziorik, eta, bestetik, aurreikusitako erreserba funtsaren kopurua gehiegizkoa da.
BBK-k eta Vitalek euren alegazioetan agertu dutenez, hiru kutxek ez dute modu adostuan bat eginda jokatzen; bakoitzak bere prozesu propioak ditu eta bakoitzak bere aldetik darama gizarte-ekintza.
Espainiako Bankuak argudio hori onartuko balu, BBK-k bakarrik murriztu beharko luke Kutxabanken duen parte-hartzea, edo 300 milioi euroko erreserba funtsa osatu beharko luke (700 milioi eurokoa eskatzen zuen Espainiako Bankuak).
Vitalek atzo aurkeztutako alegazioetan, bestalde, forma-akatsak egotzi zizkion Espainiako Bankuari. Arabako kutxaren arabera, hiru kutxek bat eginda jokatzen dutela esateko eta Kutxen Legea garatzeko eskuduntzarik ez du Bankuak, erakunde ikuskatzailea baita, ez arautzailea.
Prozesu luzea
Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederaziora igorri dituzte alegazioak. Honek txostena egingo du eta Espainiako Bankuari bidaliko dio.
Ondoren, zirkularra idatzi beharko du Espainiako Bankuak, baina Estatu Kontseiluak txostena egin arte ez da indarrean sartuko. Estatuko goi-erakundearen idatzia ez da loteslea, baina bai beharrezkoa behin betiko zirkularra kaleratzeko.
Alegazioei erantzuten zaien bitartean, orain arte bezala arituko dela argitu du BBK-k, hau da, "zorroztasunez, profesionaltasunez eta Legea errespetatuz".