Ekonomia -

Mobilizazioak

Gipuzkoako Osakidetzako langileak grebara daude deituta gaur

Sindikatuen hitzetan,"greba egiteko 3.000 arrazoi ditugu, azken lau urteotan suntsitu diren 3.000 lanpostuak ".

Aurrez, hilaren 13an, Araban egin zuten greba Osakidetzako langileek. EFE
Greba Osakidetzan
Aurrez, hilaren 13an, Araban egin zuten greba Osakidetzako langileek. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek greba eguna deitu dute gaurko, Gipuzkoan, eta zuzendaritzak "negoziatzeko borondaterik ez" duela salatu dute.

SATSE, ELA, LAB, SME-FFHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek mobilizazioaren helburuak zeintzuk diren azaldu dute ohar batean: "Osakidetzan galdutako enplegua berreskuratzea, beharginek lan-karga egokiak edukitzea, zerbitzua hobetzea eta soldata diskriminazioak desagerraraztea".

Gaurko greba 08:00etatik 22:00etara dago deituta. Aurrez, azaroaren 13an, Araban egin zuten lanuztea Osakidetzako beharginek, eta datorren ostegunean, hilaren 27an, bizkaitarren txanda izango da. Horrez gain, abenduaren 4an EAEko osasun eta erietxe guztietara zabalduko dute deialdia.

Sindikatuen esanetan, "Lan Eskaintza Publikoen inguruko iragarpen mediatikoak egiten ditu Osakidetzak, eta, bitartean, enplegua suntsitzen jarraitzen du, beharginen lan-karga gehiegizkoak bere horretan mantentzen ditu, eta ez ditu neurriak hartzen zerbitzuaren kalitateak okerrera egin ez dezan".

Horren aurrean, "negoziatzeko borondatea" eta aldarrikapenak lortu arte, "mobilizazioei eusteko konpromisoa" agertu dute sindikatuek. Horrez gain, ostegun honetan, eguerdian, Donostiako Boulevard Zumardian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

"Jaurlaritzak garrantzia kendu nahi dio mobilizazioari, eta greba egiteko arrazoirik ez dagoela azpimarratu du. Greba egiteko 3.000 arrazoi ditugu, azken lau urteotan galdu diren 3.000 lanpostuak, hain zuzen", erantsi dute langileen ordezkariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Gaurko albisteak Gipuzkoa Grebak gaur