Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Vitorian
Elkarrizketa Sozialerako Mahaia 30ean bilduko da, 'ondo bidean'
Juan Maria Aburto sailburuak aurreratu duenez, "proposamenak zehatzak lantzen" dabiltza aldeak.
EITB.EUS
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan, "ondo bidean", urtarrilaren 30ean batzartuko da Elkarrizketa Sozialerako Mahaia.
Radio Vitoriari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, "proposamen zehatzak lantzen" ari dira Mahaian parte hartzen duten sindikatu, enpresa eta Jaurlaritzako ordezkariak.
Hiru aldeek bilerak egin zituzten atzo, goiz eta arratsalde. Aburtoren hitzetan, akordioak lortzea da guztien helburu, baina negoziazioak "gogorrak eta zailak" izaten ari direla aitortu du.
ELA eta LAB eztabaidaleku honetan ez egotea deitoratu du. "Bakoitzak nahi duena egiteko eskubidea du", erantsi du.
Soldatak igo beharra
Egungo egoera ekonomikoa hizpide, soldatak igo behar direla azpimarratu du sailburuak, hobekuntza langileen soldatetan ere nabaritu behar baita. Aburtoren hitzetan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren "lehen helburua" langabezia-tasa jaistea da, eta soldatek ere gora egin beharko lukete.