Ekonomia -
Zestoako lantegia
TS Fundiciones, Euskapital Partnersen esku geratzeko bidean
Euskapital Partenersen zuzendaria, Javier Agirre, TS Fundiciones lantegiko zuzendari izan zen 2010 eta 2012 artean.
Erredakzioa
TS Fundiciones enpresako konkurtso-administratzaileak Euskapital Partners enpresaren alde egin du, eta txostena igorri du epaitegira, epaileari horren inguruko azalpen guztiak emateko. ELAk zabaldu duenez, enpresa horren zuzendariak TS Fundiciones zuzendu zuen garai batean.
Zestoako lantegia hartzekodunen konkurtsoan dago 2013ko azarotik, eta hiru enpresak aurkeztu dute hori bideratzeko proposamena: Euskapital Partners, Gonvarri Renewable Industries eta Eisengiesserei Torgelow Alemaniako fundizioa.
ELA sindikatuaren arabera, “konkurtso-administratzaileak ontzat jo du Euskapital Partneresek aurkeztutako industria plana”. Plan horretan jasotzen denez, lehen urtean 68 lanpostu, bigarrenean 106 eta hirugarrenean 121 lanpostu sortzea aurreikusi du.
Euskapital Partnerseko zuzendariak, Javier Agirrek, TS Fundiciones-eko zuzendari izan zen 2010 eta 2012 artean, ELAren esanetan. Sindikatuak Agirrerekin bildu nahi du datozen egunetan, Zestoako lantegiarentzat dituen asmoak gertutik ezagutzeko.
Orain, baina, Donostiako Merkataritza alorreko Epaitegiari dagokio azken erabakia hartzea.