Ekonomia -
300 milioi euroko zorra
Urvasco hotel-talde arabarra, hartzekodunen konkurtsoan
Silken hotelen % 55en jabea da, eta 20 bat hotel ditu; Bilboko Domine eta Indautxu hotelak eta Gasteizko Ciudad de Vitoria hotela, besteak beste.
Erredakzioa
Gasteizko epaitegi batek Urvasco hotel-talde arabarraren hartzekodunen konkurtsoa deklaratu du. Urvasco Silken kateko % 55en jabea da eta 300 milioi euro baino gehiagoko zorra du.
Anton Iraculis enpresaburu arabarra da Urvascoren jabea. Silken kateak 20 bat hotel ditu; besteak beste, Madrilgo Puerta de America, Bilboko Domine eta Indautxu hotelak eta Gasteizko Ciudad de Vitoria. Sei hotel ditu Katalunian.
2009an, zorra berriz negoziatzen saiatu zen Urvasco, baina Carey Value Added S.L. hartzekodunak konkurtso eskaera bateratu bat aurkeztu zuen.
Zorra
Gasteizko Merkataritza-gaietarako epaitegi batek autoan azaldu duenez, 2013ko apirilean Carey hartzekodunari 68 milioi euro baino gehiago zor zizkiola ebatzi zuen Londresko Justizia Auzitegi Nagusiak sententzia batean. Urvascok Londresen hotel bat eraikitzeko proiektu bat izan zuen, baina porrot egin zuen; izan ere, holdinga ez zuela kaudimenik erabaki zuten entitate batzuek 2008an, eta taldeak ez zuen finantziaziorik lortu.
Gainera, taldeak ez diela ordaindu “berretsi” dute banku askok. EBN bankuarekin 5,3 milioi euroko zorra duela jakinarazi zuten 2012an; izan ere, kreditua zenbait bankuren arteko mailegu bihurtu zen.
Horrez gain, Popular bankuarekin 18,7 milioi euroko zorra du Urvascok, La Caixarekin 3,3 milioi euroko zorra zuen 2012an, eta bi entitate horiek 5 milioi eurotik gora zor dizkiotela jakinarazi du BBVAk.
Hori guztia dela eta, taldea hartzekodunen konkurtsoan sartu du epaitegiak. Hala ere, apelazio helegitea aurkezteko aukera du oraindik Urvascok. Epaileak kreditu guztien berri emateko eskatu die hartzekodunei, eta Bilboko Grupo Sindicatura izendatu du konkurtsoaren administratzaile.