Ekonomia -
Pobrezia energetikoa
Nafarroako pentsiodunen egoera 'larria' salatu du CCOO sindikatuak
Sindikatuaren arabera, pentsioek % 0,25 bakarrik egin dute gora 2007tik 2013ra arte. Bitartean, argindarra % 60 garestitu da, ura % 31 eta gasa % 42.
Erredakzioa
Nafarroako milaka jubilaturen egoera “larria” salatu du gaur CCOO sindikatuak Iruñean. Sindikatuaren arabera, pentsioek % 0,25 bakarrik egin dute gora 2007tik 2013ra arte. Bitartean, argindarra % 60 garestitu da, ura % 31 eta gasa % 42.
Julian Gutierrez eta Manuel Vazquez Pentsiodun eta Jubilatuen Federakundeko idazkari nagusiek adierazi dutenez, Nafarroan 96.000 bat pertsona pobrezia energetikoan bizi dira, horietatik 44.000k ezin dute tenperatura osasungarri bat mantendu euren etxeetan.
2012an, Espainian, etxebizitzen % 17k (zazpi milioi pertsona baino gehiago) energia gastu izugarriak zituzten, eta Nafarroan portzentajea % 19koa zen. Langabeen eta pentsiodunen kasuan portzentaje horiek nabarmen gora egiten dute.
Honenbestez, gasa edo argindarra ordaintzeko gai ez diren pertsonen kopuruak gora egin du. Vazquezek azaldu duenez, azken urteetan diru-sarrerek edo errentek % 8,5 behera egin dute, energia gastuek, aldiz, gora egin dute eta etxebizitzen kalitatea eskasa da.
“Kezka handia”
Pobrezia energetikoan harrapaturik bizi diren pertsonen egoera “zail eta larria” ikusita, “kezka handia” agertu du Gutierrezek. Jubilatu eta pentsiodunen kasuak azpimarratu ditu CCOOko ordezkariak, eta horien artean alargunen kolektiboa; izan ere, batzuek ezin dute berogailua piztu, ezta “sutontzirik” ere.
Sindikalistak nabarmendu duenez, pobrezia energetikoak adinekoei, langabeei, diru-laguntzak jasotzen dituztenei eta soldata baxuak dituzten langileei eragiten die bereziki.