Ekonomia -

Larunbat honetan

Eskubide sozialen aldeko martxak egingo dituzte Bilbon eta Iruñean

Bilbon, Jesusen Bihotza plazan hasiko da manifestazioa; Iruñean, berriz, Antoniutti parketik abiatuko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sustatzaileek, ELAk eta LABek besteak beste, manifestazioak deitu dituzte larunbat honetarako Bilbon eta Iruñean, euren proposamen “ekonomiko eta soziala” kalera ateratzeko xedearekin.

Eskubide Sozialen Kartaren Koordinazio Nazionalean ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT eta CGT sindikatuek eta hainbat elkartek hartzen dute parte.

Bilbon, Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiek agerraldia egin dute, mobilizazioak aurkezteko. Bilbon, Jesusen Bihotza plazan hasiko da manifestazioa; Iruñean, berriz, Antoniutti parketik abiatuko da.

Manifestazioen lelo nagusiak “Alternatibak ditugu” eta “Aldaketa soziala orain” izango dira.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak esan du “errealitatea” eraldatu egin nahi dutela, eta horretarako kalera aterako direla. “Gobernuen politikekin ez dugu bat egin nahi”, gaineratu du.

LABeko buruzagiaren iritziz, “inboluzio demokratikoa” izan da, “herritarrak erabakietatik kanpo utzi gaituzten heinean”.

'Txiki' Muñoz ELAko idazkari nagusiak esan du kaleak “aldarrikapenez” beteko dituztela. “Eredu berri baterako abiapuntua izan nahi duen Programa Soziala garatu dugu, eta, hain zuzen, hori zabaldu eta defendatu nahi dugu kalean”.

“Kalera ateratzen ez bagara, gauzek berdin jarraituko dute. Beno, ez dute berdin jarraituko, okerrera joango dira. Sinetsita gaude aldaketa politiko eta sozialaren palanka kalean dagoela. Beraz, egoera irauli nahi badugu, kalera atera beharra dago, ez dago besterik”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea