Ekonomia -
Andorra
Banca Privada d'Andorrako kontseilaria atxilotu dute zuriketa egotzita
Ustez dirua etengabe zuritzeagatik atxilotu dute Joan Pau Miquel, joan den asteazkenean Andorrako Gobernuak banketxean esku hartu ostean.
Erredakzioa
Joan Pau Miquel Banca Privada d'Andorra (BPA) banketxeko kontseilari ordezkaria atxilotu du Poliziak, dirua etengabe zuritu izana leporatuta. Joan den asteazkenean Andorrako Gobernuak BPA banketxean esku hartu zuen.
Diari d'Andorrak argitaratu duenez, Miquel banketxearen erantzulerik handiena da, Higini eta Ramon Cierco banketxearen jabeen ondoren. Miquel atzo atxilotu dute haren etxean, eta litekeena da gaur bertan deklarazioa hartzea.
Hainbat iturrik jakinarazi dutenez, litekeena da atxiloketa horrek Enperadore Operazioarekin lotura izatea (Gao Pingen mafia txinatarraren aurkako operazioa).
El Periódico de Cataluñak zabaldu duenez, Andorrako Fiskaltzak BPAko hainbat agintari hurbiletik jarraitzen zituen, mafiekin eta krimen antolatuarekin lotutako zenbait ikerketaren zehar, horien izenak azaldu baitziren hainbat telefono-elkarrizketetan.
Txinako, Errusiako, Mexikoko eta Venezuelako bezeroen dirua zuritu izana leporatu die txosten baten bidez AEBetako Altxor Departamentuak BPAko hainbat zuzendariri. Akusazio hori jazo denetik, Andorrako Poliziak abiatutako lehen atxiloketa da gaurkoa.