Politika -
Kontua Andorran
Triasek agiri batekin frogatu du ez duela konturik Andorran
Bartzelonako alkateak Espainiako Barne ministroaren dimisioa eskatu du, aipatu kontuari buruzko informazioa argitaratzeko "presioa" egiteagatik.
Erredakzioa
Xavier Trias Bartzelonako alkateak UBS banku suitzarrari eskatutako dokumentu bat erakutsi du gaur, azken hamar urteetan banku horretan konturik ez duela izan frogatzeko; eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarraren dimisioa eskatu du, aipatu kontuari buruzko informazioa argitara zedin "presioa" egin duelakoan.
Udalbatzan adierazi duenez, ez du sekula atzerrian erregularizatu gabeko konturik eduki, eta honakoa gaineratu du: "Informazio apur bat duen panfleto bat zabaltzen denean, ikertu egin behar da, baina filtrazioa lotsagarria da, eta ministroak hedabideei hori publikatzeko presioa egitea, guztiz lotsagarria".
"Oso larria da, eta ez nago hori onartzeko prest, inola ere", azpimarratu du Triasek, UBSren agiria irakurri eta gero. Banketxeak helarazitako dokumentuan, Triasek bertan konturik ez duela agertzeaz gain, 'El Mundo' egunkarian agertutako kontu zenbakiari egiten zaio erreferentzia, UBSko kontuen zenbakiek beste formatu bat dutela jakinarazteko.