Ekonomia -
PSEren ekitaldia
Enplegu arloan Jaurlaritzaren 'jarrera nagia' salatu du Totorikak
Bizkaiko ahaldun nagusirako PSE-EEren hautagaiak esan duenez, EAJk "lehentasunak gaizki bideratuak ditu". "Enplegu bila dabil egun jendea, eta pobrezia aurkitzen du", deitoratu du.
Erredakzioa
Enplegu arloan Eusko Jaurlaritzak eta EAJk duten "jarrera pasiboa eta nagia" salatu du igande honetan Carlos Totorika Bizkaiko ahaldun nagusirako PSE-EEko hautagaiak. Haren irudiko, "lehentasunak gaizki bideratuak dituzte". "Ez dugu estatus berriarekin edo autodeterminaziorako eskubidearekin bat egiten, milaka herritarrek ezin baitute autodeterminatu eta nahi duten bezala bizi", esan du sozialistak.
Bilbon izandako batzar irekian parte hartu du Totorikak. Luz Rodriguez PSOEko Zuzendaritza-Batzordearen Enplegurako idazkaria, Alfonso Gil Bilboko Alkatetzarako hautagaia, Mikel Torrek PSE-EEko Bizkaiko idazkari nagusia, Alfonso Garcia Barakaldoko alkatea eta Raul Arza UGTko idazkari nagusia ere bertan izan dira.
Totorikak gogora ekarri duenez, milaka gazte ezin dira emantzipatu, eta luzaroan langabezian daramaten 10.000 lagun daude Bizkaian. Halaber, 55 urtetik gorako lagunen egoera deitoratu du, eta PPren "politika behartsuari" egotzi dio. "Langabeziarekin baztertze sozialeko nitxoak sortzen ari dira", gaineratu du.
Haren esanetan, enpleguak lehentasuna behar du izan, eta enpresen mende bakarrik egotea errefusatu du. Horretarako, Europako iparraldeko egoera aipatu du, bertan lehiakortasunak hobera egin baitu "kualifikatutako langiletan oinarrituta dagoelako, eta ez soldaten murrizketan". "Politika nagusiak enplegua sortzeko bideratu behar ditugu", esan du, "ekonomia ezin da merkatuen esku geratu".
Horretarako, baliabideak lortzeko erreforma fiskala abiatzea beharrezkoa dela esan du. "Mingarria da alor sozialeko gaietan iruzurrei buruz hitz egitea", adierazi du, "eta eraginkorragoa izan gaitezen, ahalegin serioa egiteko aukera alde batera uztea".
"Hiru datu baikor daudenean, gutxirako balio du EAJk esatea krisitik aterako garela, prekarietatean oinarrituta bada, krisia nekez gaindituko dugulako. Horri ezin diogu susperraldia deitu. Enplegu bila dabil egun jendea, eta pobrezia aurkitzen du", ondorioztatu du.