Ekonomia -

Gasaren merkatua

Bilbo izango da Estatuko gas operadorearen egoitza ofiziala

EAJk Kongresuan duen taldeak eta Industria Ministerioak erdietsi dute akordioa eta "laster" izenpetuko dute, azken xehetasunak zehaztu eta gero.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberiar Penintsulan azken urteetan egin den apustu energetiko garrantzitsuenetakoaren egoitza ofiziala izango da Euskadi: gas merkatuko ('gas-hub' izenaz ezagutzen dena) operadorearena. Bilbon izango du 'gas-hub'ak egoitza soziala, eta egoitza operatiboaren zati bat ere Madrilgo sozietate batekin partekatuko du Euskadik. EAJk Kongresuan duen taldeak eta Espainiako Industria Ministerioak erdietsi dute akordioa eta, azken xehetasunak zehaztu eta gero sinatuko dute bi aldeek.

Hala, maiatzean egingo dute egoitzaren aurkezpen ofiziala. 'Gas-hub'a gas erosle eta ekoizleak batzen dituen merkatua da: bertan gune jakin batean (kasu honetan Iberiar Penintsulan) ondorengo 6-12 hilabeteetan gasak izango duen erreferentziazko prezioa ezartzen dute.

Merkatu horren egoitza izateko lehian izan dira orain arte Bilbo eta Madril. Hasiera batean zabaldutakoaren arabera, Espainiako Gobernuak Madrilgo OMIL operadorearen esku utzi nahi zuen eta hala jasotzen zuen Kongresuan eztabaidatzen ari diren Hidrokarburoen Legean. Azkenean, baina, akordioa erdietsi dute EAJk Kongresuan duen taldeak eta Industria Ministerioak, eta Bilbo izango da egoitza ofiziala. Pedro Azpiazu EAJko diputatuak Radio Euskadiri adierazi dionez, "gas-hubaren egoitza ofiziala izateak sektoreari bultzada emango dio eta gasaren alorrean Estatuaren eta Espainiaren abangoardia izatea ekarriko du".

Dena dela, arlo fiskalean "aparteko zergarik" utziko ez duela aitortu du Azpiazuk.

Bilbon egoitza izango duen gas operadore berriak MIBGAS izango du izena, eta Madrilgo OMIL operadoreak eta Iberian Bilbao Gas Hub Bilbon duela lau urte sortutako konpainiak osatuko dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bilbo Espainiako Gobernua bideoak