Ekonomia -
Datu ekonomikoak
8.000 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn 2015eko lehen hiruhilekoan
2014ko langabezia-tasarekin alderatuta, aurtengo lehen hiru hilabeteetan izandako jaitsiera (% 0,7) nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
2014ko epe berarekin alderatuta, 2015eko lehen hiruhilekoan 8.000 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez.
Eustatek ostiral honetan kaleratu ditu Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestaren datuak (Espainiako Ministerioak emandako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren parekoa den inkesta autonomikoa), baina lehendakariak Legebiltzarraren Kontrolerako saioak aurreratu ditu.
Urkulluren hitzetan, "Gabonetako gorakadaren ondorioz, lehen hiruhilekoko datuak ez dira espero bezain onak". Dena dela, iazko datuekin alderatuta izan zen langabe-kopuruaren beherakada nabarmendu du lehendakariak; izan ere, langabezia-tasa % 15,5etik %14,8ra jaitsi da.
Lehendakariaren arabera, "gorabeherak egon daitezkeen arren", 2015ean euskal ekonomia % 2,3 haziko da eta langabezia-tasa % 13,7ra jaitsiko da, Jaurlaritzak eskura dituen azken aurreikuspenen arabera. Hala ere, "zuhurtzia" eskatu, eta krisialdiaren aurretik zegoen egoera berreskuratzeko "asko" itxaron beharko dugula azpimarratu du. "Arazoak ez dira bukatu, baina norabide egokian goaz, eta horri eutsiko diogu", erantsi du.
Hitzok entzunda, oposizioak gogor erantzun dio Urkulluri. Unai Urruzunok (EH Bildu) salatu duenez, "gezurra da krisitik ateratzen ari garela". Idoia Mendiak (PSE-EE) Jaurlaritzaren "immobilismoa" kritikatu, eta neurriak proposatzeko eskatu dio. Quirogak (PP), berriz, ate-joka dauden hauteskundeak hartu ditu gogoan; izan ere, horren esanetan, Jaurlaritza "une egokiaren zain" egon da bere aurreikuspenak iragartzeko.
Langabeziak, gora Bizkaian; behera, Araban eta Gipuzkoan
Eustatek emandako datuei dagokienez, 2014ko aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, 2015eko datuak ez dira horren onak. Okupatuen kopurua % 0,4 jaitsi da eta, beraz, 3.900 langabe gutxiago daude.
Lurraldeka, 3.600 lagun gehiago daude lan bila Bizkaian (langabezia-tasa % 16,3koa da), eta behera egin du Gipuzkoan (% 12,1), 200 lagunek lana topatu baitute, eta Araban (1.000 langabe gutxiago, % 15,3).
2015eko lehen hiruhilekoan, euskal etxeetako heren batean ez dago pertsona bat bera ere lanean.