Ekonomia -
Lan-istripua
Asteazkenean Abadiñon zauritutako langilea hil da
Fundiciones San Vicente lantegiko beharginek protesta-bilkura deitu dute astelehenetako. Eguerdiko hamabietan bilduko dira enpresako atarian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Asteazkenean Abadiñoko Fundiciones San Vicente lantegian larri zauritu zen 45 urteko langilea gaur hil da, LAB sindikatuak ohar batean adierazi duenez. Behargina zulo batera erori zen oraindik argitu gabeko arrazoiengatik.
Gizonezkoak zauri larriak izan zituen eta helikopteroz eraman zuten Gurutzetako erietxera.
Langileek protesta-bilkura deitu dute astelehenetako. Eguerdiko hamabietan bilduko dira enpresako atarian.
Atzo 24 orduko lan uztea egin zuten Fundiciones San Vicenteko langileek istripuarengatik protesta egiteko eta segurtasun neurri gehiago eskatzeko.
Sindikatuak elkartasuna adierazi dio hildakoaren familiari eta heriotza gehiago ekiditeko segurtasun neurriak eskatu ditu. Aurtengo urtean Euskadiko eta Nafarroako lantegietan gertatutako hamabigarren heriotza izan da gaurkoa.