Ekonomia -

Geba mugagabean daude

Telefonica Movistarreko langileek elkarretaratzea egin dute Bilbon

Estatu osoko langileak greba mugagabean daude, azpikontraten bitartez dituzten lan-baldintzek okerrera egin dutela salatzeko asmoz.

Telefonicako 100 bat langilek elkarretaratzea egin dute Bilboko egoitzan. Argazkia: EiTB
Telefonicako 100 bat langilek elkarretaratzea egin dute Bilboko egoitzan. Argazkia: EiTB

TS.J. | EITB.EUS | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Telefonica Movistarrentzat lan egiten duten Euskadiko 100 bat langilek manifestazioa egin dute larunbat honetan Bilboko egoitzaren aurrean, xede izanik azpikontraten bidez dituzten lan-baldintzek okerrera egin dutela salatzea. Halaber, horietako bi katez lotu dira.

Gaur 47 egun bete dira Estatu osoko langileek greba mugagabea hasi zutenetik, guztira, 12.000 (200 bat Euskadin). Bederatzi azpikontraten bidez lan egiten dute, eta salatu dutenez, krisia aitzakitzat hartuta, kontratu berriak merkeago lortzeko negoziatzen ari da Telefonica.

Gainera, langileek ere kritikatu dutenez, langile autonomoek 1.000 euro baino gutxiago irabazten dituzte hilero, astelehenetik igandera 10-12 ordu lan eginda.

Estatuaren beste lekuetan ere mobilizazio bera egin dute, tartean, Bartzelonan. Han, 600 langile baino gehiagok egoitza hartu dute, eta bertan egongo direla iragarri dute, haiekin hitz egiteko enpresa prest azaldu arte.

Telefono eta Internet barik

Bestalde, EKA/OCUV kontsumitzaileen euskal elkarteak salatu duenez, Movistarreko azpikontratetako langileek abiatutako grebaren ondorioz, erabiltzaile askok hilabete daramate telefono eta Internet barik.

Elkarte horrek ohar baten bidez adierazi duenez, "ehunka (edo milaka) erabiltzaile" Interneterik eta telefono finkorik gabe daude, Enkarterriko zonaldean bereziki. Güeñeseko Zaramillo auzoa kalterik handiena jasan duen auzoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Grebak albisteak