Ekonomia -
ELA-ren salaketa
Opor fiskalengatik ogasunen aurka aurkeztutako salaketa artxibatu dute
2014ko uztailaren 8an hasitako ikerbidea horrela ebatzi du Juan Calparsoro fiskalburuak. ELA sindikatuak hiru ogasunetako arduradunen kontra salaketa aurkeztu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
ELA sindikatuak foru ogasunen aurka aurkeztutako salaketa artxibatzea erabaki du Euskadiko Fiskaltzak. Europako Auzitegiak ‘opor fiskalak’ berreskuratzeko agindua eman zuen, baina EAEko haziendek prebarikazioa egin ez zutela ebatzi du Fiskaltzak.
2014ko uztailaren 8an hasitako ikerbidea horrela ebatzi du Juan Calparsoro fiskalburuak. ELA sindikatuak hiru ogasunetako arduradunen kontra salaketa aurkeztu zuen, EBko auzitegiaren ebazpena nahita bete ez zutela iritzita.
2006ko abenduaren 14an, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak diru-laguntza horiek berreskuratzeko agindua eman zien EAEko hiru ogasunei. 1994tik 1999ra arte bazkun-zergaren bidez enpresak lagundu zituzten haziendek.
Foru ogasunek nahita epaiari jaramonik egin ez ziotela salatu zuen ELAk. Erabaki horren ondorioz, isun bat inposatzea eskatu zion Europako Batzordeak auzitegiari, 30 milioi euroko isuna, hain zuzen ere. EAEko erakundeek Europar Batasunaren Ogasunari isuna ordaindu diote dagoeneko.
Fiskaltzak deliturik izan ez dela uste du, legez kanpoko diru-laguntzak itzultzea ez eskatzeko borondaterik izan ez zelako. Diru-laguntzak bueltatzeko prozesua oso konplexua zela azaldu du Fiskaltzak. Hala ere, sindikatuak salaketa Argibideetako Epaitegiaren aurrean errepikatzeko eskubidea duela gogorarazi du fiskalburuak.