Ekonomia -
EiTB
ELAk auzitegietara eraman du Eusko Irratiko lan-erregulazio txostena
Zehazki, salaketa jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, lan-erregulazio txostenaren kontra. Sindikatuak uzte du ez dagoela ‘’arrazoi objektiborik’’ txostena aurkezteko.
Agentziak | Erredakzioa
ELA sindikatuak salaketa jarri du astearte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Eusko Irratiko lan-erregulazio txostenaren kontra. Sindikatuak uste du ez dagoela ''arrazoi objektiborik'' 30 langileri eragiten dien txosten hori aurkezteko.
Protesta egin dute gaur auzitegian bertan, "EiTB, no a los EREs" (EiTBn lan-erregulazio txostenik ez) lelopean. Bertan izan dira EiTB taldeko hainbat ordezkari sindikal eta hainbat langile.
Iñaki San Andres ELAko ordezkariak adierazi duenez, ''ez dago arrazoi objektiborik'' txosten aurrera eramateko. ''Arrazoi ekonomiko eta antolaketa arrazoiek ez dute sostengurik'', defendatu du. ''Are gutxiago Auzitegi Gorenak berriki kaleratu duen epaiaren ostean'', gaineratu du. Izan ere, ebazpen horrek baliogabetu egin du sektore publikoan kaleratze kolektiboak egiteko lan-erreformak zehaztutako ''aurrekontu urritasuna'' jasotzen duen artikulua, ELAko ordezkariak gogoratu duenez.
San Andresen arabera, enpresaren alegazioak artikulu horretan oinarritzen ziren. ''Epai hori oinarri hartuta, arrazoi gehiago ditugu'', gaineratu du.
ELAko ordezkariak salatu duenez, ''30 lanpostu suntsitu eta 30 langile kaleratzeko asmo politikoa egon da'', eta nabarmendu du 2014ko apirilaren 29ko Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiaren ondorio dela txostena.
San Andresen hitzetan, ''EAJk, Bilduk, LABek, Eusko ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak 30 lanpostua amortizatzeko erabakia hartu zuten''.