Ekonomia -
EGUNEKO ALBISTEAK
Osakidetzako lan eskaintza, Grezia eta Eibar, titularretan
Ostegun honetako albiste nagusiak, izenburutan.
EITB.EUS
Osakidetzako lan eskaintza publikoan izena emateko epea, zabalik
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak asteazken honetan kaleratu ditu Osakidetzako 2014-2015eko lan eskaintza publikoaren oinarriak. Hala, gaur ireki dute bertan parte hartu ahal izateko izena emateko epea, eta hilabetez izango da zabalik.
Guztira 2014 lanpostu izango dira, bederatzi kategoriatan: familia medikuak, pediatrak, erizainak, fisioterapeutak, emaginak, laborategi teknikariak, erizain laguntzaileak, administrazio laguntzaileak eta zaindariak. Gainerako kategoriak 2016rako aurreikusita dagoen lan eskaintza publikoan izango dira; 1.000 lanpostu betetzeko eskaintza egingo dute orduan.
Geroa Bai, akordioa ixtear
Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako presidentetzarako hautagaiak iragarri duenez, bi asteren buruan itxita egongo da Nafarroako Foru Erkidegoan aldaketa nahi duten indarren arteko akordio programatikoa; hala espero du berak, behintzat.
Herenegun amaitu zuen Geroa Baik, maiatzaren 24ko Nafarroako bigarren indar bozkatuenak, gainerako alderdiekin bilera sorta. Berez, gaur amaitu behar zituen bilerak, baina UPNk muzin egin dio gonbitari.
Barkosen hitzetan, oinarrizko gaietan bat egiten du alderdiak EH Bildurekin, Ahal Dugu Nafarroarekin eta Izquierda-Ezkerrarekin. PSNri dagokionez, aldaketarako gobernuan parte hartzeko gonbita egin dio beste behin alderdi abertzaleko buruak. Horren arabera, alderdiokin duen akordioa "nahiko orokorra da". Orain proposamen programatikoak helarazi behar dizkiete alderdiek, Geroa Bairen programa oinarri hartuta.
Euskadin pobrezia kronikoa dela ohartarazi du Caritasek
Ekonomia eta enplegu mailan hasi berri den hobekuntza ez da iristen ari pobrezian zein gizarte-bazterketan dauden pertsonengana, Carlos Bargos Caritas Euskadi erakundeko presidenteak azaldu duenez. Halaber, ohartarazi du ''pobreziak bere horretan'' jarraitzen duela Euskadin, eta ''kroniko'' bihurtu dela.
Horrela laburbildu du Bargosek Euskadin 2014an izan den pobrezia egoera, joan den urteko datuen berri emateko Bilbon egin duen prentsaurrekoan.''Pobreziak eta gizarte-ahultasunak hazten jarraitzen dute, lanpostu bat lortu duten horien artean ere'', azaldu du, horietako askok oraindik RGI edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen jarraitzen baitute familiaren oinarrizko gastuak ordaindu ahal izateko.
iframe src="/eu/get//images14.eitb.eus/multimedia/embed/id/3260852/tipo/video/" width="458" height="268">
Akordioa 'gertu' dagoela uste du Greziak
Grezia eta nazioarteko hartzekodunak berriz batzartu dira bart, baina ez dute akordiorik lortu. Izan ere, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak ez ditu onartu argindarraren zergak igotzeko eta pentsioak murrizteko proposamenak.
Tsipras Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko buruarekin bildu da, Bruselan. Batzarra "ona eta eraikitzailea" izan dela azaldu dute aldeek.
Eibar Lehen Mailako taldea izan daiteke gaur
Hedabide batzuek kaleratu dute Elx Bigarren Mailara jaitsiko dutela gaur, hots, epaileak ofizial egingo duela. Alacanteko taldeak zorra du jokalariekin eta Ogasunarekin, eta Alex Aranzabal Eibarko presidenteak esan zuen Elxi araudia aplikatu behar zaiola.
Hori egin, eta armaginek Lehen Mailan jarraituko omen dute. Elx klubak ez duela jakinarazpenik jaso adierazi zuen Juan Anguix Elxeko presidenteak atzo eskaini zuen prentsaurrekoan.