Ekonomia -
EGUNEKO ALBISTEAK
Ekonomia, EAJ-PP negoziazioak eta Viana Printzea saria, titularretan
Asteazken honetako albiste nagusien lerroburuak, horra.
EITB.EUS
2015ean EAEko ekonomia % 2,5 haziko da
Martxoan espero zena baino bi hamarren gehiago haziko da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia 2015ean: % 2,5, hain justu. Iragarpena Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak egin zuen atzo, aurtengo adierazle eta aurreikuspenen berri emateko prentsaurrekoan.
EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,3 igoko zela iragarri zuen Urkullu lehendakariak. Aurreikuspenok hobetzeko moduan daudela esan du orain Ogasun sailburuak. Enplegua ere hazi egingo dela azpimarratu du, % 1,6, eta horrenbestez, 14.000 lanpostu sortuko dira aurten. Adierazle ekonomiko hauek datorren urteko aurrekontuak egiteko erabiliko ditu Urkulluren gobernuak eta gaur onartu dituzte gobernu bileran.
PPren proposamena EAJri
Politika arloan Gasteizko Udala dugu arreta puntu nagusienetakoa. Alderdi Popularrak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak negoziatzen jarraitzen dute. Atzo bi alderdiek egindako bileran popularrek egonkortasun akordioa eskaini zieten jeltzaleei: Javier Maroto Gasteizko alkate eta Ramiro Gonzalez jeltzalea Arabako ahaldun nagusi izatea proposatu du PPk.
Akordioa Oiongo eta Artziniegako udaletara zabaltzea ere proposatu dute popularrek. Dena den, gaur gaurkoz, jeltzaleek "zaila" ikusten dute akordioa izenpetzea, PPk azken urteotan izan duen ibilbide politikoagatik.
Gaur, bestalde, Arabako jeltzaleen batzorde negoziatzailea EH Bilduko ordezkariekin elkartuko da gaur.
Diazen inbestidura babestuko du Ciudadanosek
PSOE eta Ciudadanos alderdiek atzo sinatu zuten Susana Diaz Andaluziako presidente izendatzeko inbestidura akordioa. Arratsaldean sinatu zuten ituna.Presidentearen inbestidura ostegunean, 18:00etan, egingo dute, Andaluziako Parlamentuaren iturriek zehaztu dutenez.
Inbestidura itunarekin bat egiteko eskatu die Andaluziako PSOEk PP, Podemos eta IUri. Akordioa 2serioa, anbizio handikoa, zorrotza eta irekia" dela azpimarratu dute sozialistek.
Selektibitatea, EAEn
Orotara 9.552 ikaslek Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) sartzeko proba hasiko dute gaur EAEn. Horietatik, bi herenek, hau da, 6.442 pertsonak, euskaraz egingo dute, eta gainerako 3.110ek, aldiz, gaztelaniaz.
Oro har, euskara gehien erabiliko duten hizkuntza izango da hiru lurraldeetan. Horren ildotik, Gipuzkoan 2.875 ikaslek egingo dute selektibitatea euskal hizkuntzan, eta 667k gaztelaniaz; Bizkaian, 2.814k euskaraz, eta 1.880k gaztelaniaz; eta Araban, 753k euskaraz eta 563 gaztelaniaz.
Gaur, bestalde, lanbide heziketako profesionalek hitzordua dute Kursaalen, Donostian. Nazioarteko topaketa egingo dute: datozen urteotan EAEko lanbide heziketako zentroetan 10.000 ikasle gehiago izatea da erronka, industriaren gaur egungo eskariari erantzuteko.
Viana Printzea saria, Ramon Andres idazleari
Gaur goizeko 11:30ean egingo dute Leireko Monasterioan Vianako Printzia sariaren banaketa. Aurten, Ramon Andres idazle eta historialariari emango diote saria.
Aurreko urteetan bezala, aurten ere Espainiako errege-erreginak emango dute saria, baina Izquierda- Ezkerrak sariari izena aldatzea proposatu du, Espainiako koroarekin duen lotura bertan behera utziz. Uxue Barkos, itxura guztien arabera Nafarroako hurrengo presidente izango dena, proposamena aztertzeko prest agertu da.